Taldearen ordua. Emaitza txarrekin hasi da Athletic. Begi askotatik sua ateratzen da, eta Marcelo Bielsa erretzeko asmoak ez dituzte oso aparte. Hauteskundeek utzi ohi duten giro desegokiak ez du batere laguntzen, eta Caparros zaleak hasi dira bazterrak astintzen. Ni Bielsaren aldekoa naiz, gustatzen zait, eta hasierako emaitzak onak ez direlako ez naiz iritziz aldatuko. Zaleen eta hedabideen artean sortu dira zalantzak, eta normala da. Baina taldearen barruan zer gertatzen ote da? Ezin jakin, baina ezinbestekoa da orain izatea taldea. Inoiz baino sendoagoa. Inoiz baino elkartuagoa. Eta ez naiz ari jokalarien batasunaz, hori egintzat ematen baitut. Jokalariek eta entrenatzaileak egon behar dute bat eginda. Inoiz baino gehiago sinetsi behar dute Bielsarengan eta haren metodoan. Emaitza txarrek zalantzak eragiteko arriskua handia izaten da, baina arrisku horren gainetik sinetsi behar dute.
Lehengoa ez zen hain betea. Bielsaren eta Caparrosen arteko alderaketak nonahi ari dira azaltzen orain. Eta, emaitza txarrek azterketa denak baldintzatzen dituztenez, ez dagoena askoz hobea zen dagoenaren aldean. Oroimenak bide motza izan ohi du futbolean, zoritxarrez, eta bati baino gehiagori ahaztu egin zaio nolakoa izan zen Caparrosen hasiera Athleticen. Hura ere estu eta larri ibili zen, eta orain Bielsak entzuten dituenak entzun zituen. Natorren iragan hartatik iragan hurbilagora. Nolako maila eman ohi zuen Caparrosen Athleticek etxetik kanpo? San Mameseko taldearekin antzik ere ez zuen izaten gehienetan. Orain, sikiera, joko aldetik dezente hobea da Bielsarena. Intentzio bat sumatzen zaio, behintzat. Malagakoa eredu. Akaso, gauza gehiegi laburtzea eta sinplifikatzea izango da, baina Athleticen zulo beltzetako bat ez al da golak ez dituela sartzen? Lehen barrura botatzen zituztenak kanpora doaz orain, eta hori du gabezia handienetakoa taldeak.
Aldaketekin mesfidati. Sekulako aldaketa ekarri du Bielsak. Erabatekoa. Caparrosek bere metodoa zeukan, bere jokatzeko eredua, eta Bielsak berea dauka. Batetik bestera egokitzeko, denbora behar da. Lehenik eta behin, eta batez ere, jokalariek. Lau denboralditan barneratuta zeukatena albo batera utzi, eta gauza berriak, kontzeptu entzun gabeak entzuten hasi behar izan dute. Ohituko dira berrietara, baina ohitzeko, entrenamenduak egin behar dituzte. Denbora kontua izango dela, alegia. Baina iruditzen zait gurean kosta egiten zaigula edozelako aldaketatara ohitzea. Eta are gehiago, zerbait aldatu eta emaitza onik ez badugu ikusten. Hor dago guztiaren ardatza: emaitza txarren gatibu izaten gara entrenatzaileak, eta hala direnean, oso gutxik erreparatzen diote lana ona den edo ez. Galdu eta lan txarra baliokideak izaten dira futbolari begiratzen diotenen artean. Hori ere kontrako du Bielsak.
Autokritikoa. Lehen idatzi dut sinesten dudala Bielsarengan. Berari buruz futboleko jendeak esandakoak lagundu egin didate horretan. Iazko Munduko Txapelketan Txilek eman zuen itxura asko gustatu zitzaidan. Oso langilea da. Joan zen astean txundituta geratu zen dohain horrekin entrenatzaile ezagun bat, Lezamara joan zenean. Nik ez dut oraindik ikusi entrenatzen, baina telebistan ikusi dudanez, kontu txikienari ere garrantzia ematen dio, eta asko gustatzen zait hori. Eta asko gustatu zait autokritikoa dela. Hedabideen aurrean, lasai asko botatzen dio errua bere buruari, eta dohain hori ez zaie ikusten entrenatzaile askori. Kontu horiek denak eltzean sartu, eta Bielsaren jakia gustatzen zait.
Koherentzia. Asteburua gainean da. Eta hor dauka beste azterketa bat Argentinako entrenatzaileak. Emaitza txarrak direnean, azterketaz azterketa ibili beharrean baita edozein entrenatzaile. Ez du aurkari gozoa Vila-real, baina Athleticek irabaz diezaioke. Baina demagun ez diola irabazten. Bat baino gehiago hasiko da agintariei begira, erabaki baten eske. Taldearen zuzendaritzakoak zer ari diren pentsatzen ezin da jakin, baina koherentzia falta izugarria litzateke duela bi hilabete erabateko sinesmena zena sinesmen erdi bihurtzea. Nik sinetsi edo ez kontu txikia da, batere garrantzirik gabea. Sinesten segi behar dutenak Josu Urrutia eta haren kideak dira. Horiengan ere sinesten dut.
Aulkitik begira
Nik sinesten dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu