Nino aurrelariak Osasunan jokatuko du 2013ra arte

Espainiarraren kontratua beste sasoi batez luzatzeko aukera edukiko du Iruñeko klubak, nahi izanez gero

Erredakzioa
Iruñea
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Bazetorrela eta bazetorrela, eta azkenean etorri da. Juan Francisco Martinez Modesto Nino aurrelari espainiarrak Osasunan jokatuko du 2013ko ekainaren 30era arte, eta Iruñeko klubak kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera izango du, hala nahi izanez gero. Jokalariak Teneriferekin zeukan kontratua eten arte zain zegoen Osasuna, eta alde guztiek, azkenean, atzo lortu zuten akordioa. Lau milioi euroko etete klausula edukiko du 31 urte bete berri dituen jokalari horrek. Astelehenean aurkeztuko dute.

Hamazazpi urte eskasekin, 1998-1999ko denboraldian egin zuen debuta Ninok Bigarren B Mailan, Elxekin, eta sasoi hartan bertan lortu zuen lehen arrakasta nabarmena, Bigarren Mailarako txartela lortuta —88 gol sartu zituen denera Elxen—. 2006-2007ko denboraldian fitxatu zuen Levantek, Lehen Mailara igo berritan, eta hemeretzi partidatan gol bakarra sartu zuen. 2007an Tenerifera joan zen, Levantek utzita, eta, aurrelariaren lan onari esker, Kanarietako taldeak fitxatzea erabaki zuen, 2008ko urtarrilean, neguko merkatuan.

Hurrengo denboraldian 29 gol sartu zituen Bigarren Mailan, eta, hein handi batean haren lanari esker, Lehen Mailara igotzea lortu zuen Tenerifek. Hamalau gol sartu zituen Ninok 2009-2010eko denboraldian, Lehen Mailan, baina, taldearen lan eskasaren ondorioz, ezin izan zuen saihestu Bigarren Mailako mamua.

Joan den denboraldian ere kolpe handia hartu zuen jokalariak, Tenerife Bigarren B Mailara jaitsi zelako azkenean. Arazo ekonomiko handiak izan ditu Kanarietako klubak, eta, joan den sasoian Teneriferekin zeukan kontratua 2014ko ekainaren 30era arte luzatu ondoren, Ninok uko egin behar izan dio 2010-2011ko sasoian zor zioten zati bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.