«Denboraldi-aurrea hasi aurretik ere sinatuko genuen orain gauden lekuan egotea». Argi hitz egin zuen atzo Juan Francisco Martinez Nino-k, Osasunako aurrelariak. Harro dago taldeak eta berak orain arte egindako lanarekin, baina gehiago nahi du. «Zoragarria litzateke lehen itzulia amaitzeko partida bat faltako denean Racingi irabazi eta jada 29 puntu lortzea. Oso-oso puntu garrantzitsuak dira». Hori bai, oinak lurrean dauzka espainiarrak. «Oso argi daukagu taldearen lehen helburua zein den: mailari eustea. Hortik aurrera, lasai egon behar dugu, eta ea noraino iristeko gai garen». Horregatik, Racingen aurkako partidarako «erabat kontzentratuta» daudela aitortu du.
Bosgarren postuan dago orain Osasuna, datorren denboraldian Europako Ligan aritzeko postuetan, 26 punturekin. «Baina talde umila da gurea, langilea, eta badakigu non dauden geure indarguneak eta mugak». Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako partida «dagoeneko ahaztuta» daukatela adierazi du Ninok. «Nahiz eta lan ona egin genuen. Joaneko partidako emaitzaren ondoren, ez zen erraza itzulikoari aurre egitea, baina itxura ona eman genuen». Tamalez, aurrean «munduko talderik onena» zeukatela gaineratu du aurrelariak. «Eta oso zaila da haien aurka borrokatzea».
Osasunak hiru partida jarraian jokatuko ditu etxean, Racing, Valentzia eta Atletico Madrilen aurka. «Baina guk Racing bakarrik daukagu buruan. Etxean indartsu ari gara, eta pausoz pauso joan behar dugu». Jokalariei dagokienez, Rubenek senda-agiria jaso zuen atzo. Atzelariak abenduaren 4an hartu zuen min, Betisen aurkako partidan. Damia eta Raitala ere taldekideekin entrenatzen hasi ziren atzo.
Nino: «Zoragarria litzateke jada 29 puntu lortzea»
Aurrelariak azaldu du «mailari eustea» dela Osasunaren helburua, baina ilusioari ez dio biderik itxi nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu