Jon Errasti. Spezia Calcioko jokalaria

«Nire ametsa da Italiako Lehen Mailan noizbait jokatzea»

Eibarren hiru denboraldi egin, eta aurtengo abuztuan, Italia aldera jotzea erabaki zuen erdilari eibartarrak. Bigarren Mailan ari da, gustura dago, eta ez da damutzen italiarren eskaintza onartu izanaz.

Aitor Manterola Garate.
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Erabakiak hartu egin behar izaten dira». Horixe esan du Jon Errastik (Eibar, 1988), Italiako bere etxeko egongelan dela. Skype bidez ari da hizketan BERRIArekin. La Spezia herrian dago, herrialdearen iparraldean, Liguria eskualdean. Bertako taldeak eskaintza egin zion abuztuan, eta joatea erabaki zuen.

Ezustea izan zen zuk Eibar uztea, eta Italiara joatea.

Abuztuaren erdialdean deitu zidaten Italiatik, baina ez nion kasu handirik egin. Hala ere, bueltak ematen hasi nintzen buruari, aurreko sasoia oso gaizki bukatu nuelako; ez nuen asko jokatu azkeneko zatian, eta, gainera, jaitsi egin ginen. Denboraldi-aurrean, egitasmo berri bati ekin zion Eibarrek, eta pozik nengoen, ikusten nuen aukerak izango nituela. Baina Mendirekin [Jose Luis Mendilibar] hitz egin, eta oso garbi azaldu zidan bost jokalari nahi zituela euskarrian eta zaila izango nuela jokatzea.

Mendilibarrek esandakoak erabakigarriak izan ziren Italiako eskaintza onartzeko?

Eibarren jarraitu nahi nuen, eta are gehiago, Bigarren Mailara jaitsi izan bagina. Egoera horretan, ingurukoekin hitz nuen Italiako eskaintzaz, eta animatzeko esan zidaten. Nik neuk ere banekien esperientzia ona izango zela kanpora ateratzea, eta denen artean esan zidaten orain zela unea Eibar uzteko, bertan itxura ona emanda joango nintzela eta.

Burua Italiara joan zitzaizun, azkenean.

Hasi nintzen Interneten begira nolako herria den La Spezia, nolako taldea duen. Hiru jokalari espainiar ere badaude taldean, eta horiei galdezka ere hasi nintzen. Ikusi nuen taldearen egitasmoa erakargarria dela, eta baiezkoa eman nien. Ilusioa eragin zidan, eta bide berri bat irekitzeko aukera gisa ikusi nuen. Erabakiak hartu egin behar dira, eta pozik nago.

Nolako kluba da Spezia?

Diruz oso indartsua da. Jabea Volpi izeneko bat da, eta uste dut Italiako bost pertsona aberatsenen artean dagoela. Taldearen egiturak asko gogorarazten dit Eibarreko giroa; familia bat bezalakoa gara. Zelaia ere txikia da, 10.000 ikuslerentzako lekua dauka. Antz handia dauka Eibarrekin. Lehen Mailara igotzen bagara, sekulako jauzia emango du klubak, diruz eta aukera izango duelako.

Ahalik eta azkarren igo nahi du klubak Serie A-ra?

Klubak ez du horrelakorik esaten kanpora begira, baina nahia bada azkar igotzea. Diru asko sartu dute klubean, hobetzeko. Gero, jakina, emaitzak zelaian lortu behar dira, eta diruak ez du ezer ziurtatzen. Begira Eibar nola igo zen, Bigarren Mailako talde txiroena izanik.

Nolako futbola jokatzen da Italiako Bigarren Mailan?

Espainiako ligakoaren aldean taktikoagoa da, itxiagoa, defentsiboagoa. Gogorragoa da fisikoki, eta teknikoki ez hain ona. Sailkapenean goialdean dabiltzan taldeak, baina, oso onak dira. Cagliari, esaterako, Serie A-tik dator. Oreka handia dago maila honetan. Emaitza estuak izaten dira normalean.

Ezagutu al duzu Italian hain berea duten catenaccio-a?

Badira taldeak oso defentsiboak, bai. Taktikoki oso aberatsak dira, sistema asko erabiltzen dituzte; batez ere, etxetik kanpo. Zaleen aurrean, oso indartsuak dira taldeak, zaleek euren onena emateko eskatzen dietelako.

Ondo moldatu zara jokora?

Bai, eroso ari naiz. Talde barruan ere gustura nago. Heldu nintzenean dena nuen kezka, egokituko ote nintzen edo ez, baina moldatzen ari naiz.

Bost partidatan bakarrik jokatu ahal izan duzu.

Azkena izan nintzen taldera iristen, eta entrenatzaileak, normala den bezala, denboraldi-aurrean izan zituen jokalarien aldeko hautua egin zuen. Gero, pare bat partida hasieratik jokatu nituen, baina min hartu nuen, eta bi aste pasatu ditut sendatzen. Jokatu izan dudanean ondo aritu naiz, eta ea aurrerantzean berdin jarraitzen dudan.

Nenad Bjelica duzu entrenatzaile, bere garaian Albaceten, Las Palmasen eta Betisen jokatu zuen erdilari abila. Jokalari zenean, erasokorra zen; entrenatzaile ere ausarta da?

Gure taldearen futbola ezberdina da besteenen aldean. Asko gustatzen zaio Espainiako ligako jokoa, eta ariketa guztiak baloiarekin lantzen ditugu; gero, zelaian horrela jokatzen dugu, baloiaren jabetzan oinarrituz.

Atzerritar asko al zaudete taldean?

Uste dut italiarrak zazpi bakarrik direla. Besteon artean denetarik gaude: euskal herritarra ni, espainiarrak hiru, argentinarrak, brasildarrak, zazpi bat kroaziar...

Futboletik kanpoko tarteetan, zer egiten duzu?

10:00 aldera egiten dugu entrenamendua, eta 13:00etarako etxean nago. Bazkaldu ondoren, emaztearekin eta zakurrarekin buelta bat ematera joaten gara. Merkataritza gune bat ere bada hemen, eta zinemara joaten hasi gara.

Italiako maila gorenean jokatzea daukazu helburutzat orain?

Bai. Nire ametsa da. Talde honekin igo nahi dut. Oso esperientzia polita eduki nuen Eibarren alde horretatik, eta berriz eduki nahi dut.

Eibarren hutsunea nabaritzen alduzu?

Bai. Goizero irakurtzen ditut taldeari buruzko albisteak. Hiru denboraldi eder izan ziren Eibarrekoak, eta hango eguneroko martxa falta zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.