Iñigo Diaz de Zerio. Athleticeko jokalaria

«Nire bidea iluna izango da oraingoz»

Garai bateko jokalaria izateko behar dituen partidak jokatu ezinik dabil Iñigo Diaz de Zerio. Zaleek «Iñigol» deitzeari utzi egin beharko diotela dio umorez.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Pozik egoteko arrazoi gutxi du Iñigo Diaz de Zeriok (Donostia, 1984). Athleticek golak sartzeko fitxatu zuen, baina urte eta erdian ez du protagonismorik izan. Berna-hezurra eta peronea hautsi zituenetik ez du aurretik zuen maila eman. Egiari zor, aukera askorik ere ez diote eman. Oraingoz, isilean sufritzea eta eguneroko lanari esker egoerari buelta ematen ahalegintzea egokitzen zaio. Ez du etsiko, gainera.

Zer moduz zaude Athleticera itzuli zarenetik?

Egoera berria onartu nahian ari naiz. Itzuli bezain laster ordu erdi jokatzeko aukera eman zidaten, baina ordutik aldatu egin dira gauzak. Egoera onartu eta buelta ematen ahaleginduko naiz.

Kordoban egin zenuen egonaldia ez zen espero bezain positiboa izan, eta Athleticen ere ez zara protagonismo asko izaten ari. Azken partidetan ez duzu lekurik izan deialdietan. Animoz nola zaude?

Ni beti nago animatuta. Beti esan izan dut ez zaiola utzi behar baikor izateari. Hala ere, batzuetan zorteak bizkarra eman didala ere pentsatu dut. Eguneroko lana da aurrera egiteko bide bakarra.

Zer falta zaizu duela pare bat urteko jokalaria izateko?

Jarraian jokatzea. Horixe falta zait. Ezin izan dut erakutsi barruan daramadana. Astero jokatzeko esperantzarekin joan nintzen Kordobara, baina ez nuen lortu. Athleticen, berriz, oso ondo ari dira jokatzen dabiltzanak. Egun, zaila da talde honetan jokatzea.

Lesio larria izan ez bazenu zure egoera bestelakoa izango litzatekeela uste duzu?

Normala da zaleek hori pentsatzea. Nik ere behin baino gehiagotan pentsatu dut. Baina aldatu ezin daitekeen gauza baten inguruan ari gara hizketan. Pasatu zen eta ez dago bueltarik. Hor geratuko da betiko. Inork ez daki min hartu izan ez banu nire kirol ibilbidea ezberdina izango litzatekeen edo ez. Horrekin bizi beharko dut.

Asko pentsatzen duzu Eibarren kontra min hartu zenuen egunean?

Ez. Lesioa ahaztuta daukat. Eguneroko kontuekin nahikoa lan daukat. Aurrera egin behar da. Duela bi urte eta erdi hartu nuen min. Ez dakit nire kirol ibilbidea baldintzatuko duen ala ez, baina ni hobetzeko ari naiz lanean.

Gauzak ondo ez doazenean zeure burua asko estutzen duzu?

Ez. Eguneroko lanean gogor entrenatzeko eskatzen diot neure buruari. Lan ona egiteko, alegia. Baina, era berean, asteak joan eta asteak etorri deialditik kanpo geratzen naizela ikusten dudanean, ilusio apur bat galtzen dut. Hala ere, egoera guztiei egin behar zaie aurre. Eta jokalari batek argi izan behar du une bakoitzean zein den taldean duen zeregina.

Zure kirol balioa zalantzan jarri al duzu azken urte eta erdian?

Ez. Nik konfiantza daukat neure buruarekin. Hala ere, ez Kordoban eta ez Athleticen ez badut jokatu zerbait gaizki egiten ari naizen seinale dela ere pentsatu dut. Kontu ezkorrek ez dute asko laguntzen, ordea, eta berehala kentzen ditut burutik.

Laster edo berandu gabe zure egoera aldatuko den esperantzarik badaukazu?

Zaila da. Beste gauza bat esatea gustatuko litzaidake, baina oraingoz nire bidea iluna izango dela uste dut. Ezin dut esperantza handirik izan. Baina futbolean gauza asko aldatzen dira denbora gutxian. Prest egon behar dut.

Realean jarri zizuten ezizena, Iñigol, ez duzu oso gustuko. Zergatik?

Urte askoko ibilbide baten ostean eta gol asko sartu ondoren ipini behar den ezizen bat dela uste dudalako. Bi urte on egin nituen eta orduan jarri zidaten. Ezizena gustuko dut, baina oso gazte jarri zidaten. Ez da presio kontua. Azken bi urteetan oso gol gutxi sartu dut, eta beharbada kendu egin beharko didate ezizena.

Urko Verak etorri bezain pronto hartu dizu aurrea. Bartzelonaren kontrako partidan deialdian egoteko esperantzarik badaukazu?

Esperantza ez da galdu behar. Badakit non nagoen. Lehen Mailan jokatzen dut. Maila honetan talde guztietan dago lehia handia. Oraingoz Urkoren alde egin du entrenatzaileak, baina ez daukat etsitzeko asmorik.

Camp Noun debutatu zenuen Athleticen elastikoarekin...

Hala da. Ez daukat oso oroitzapen ona. 3-0 galdu genuen eta min hartu nuen. Bestalde, bere alde polita ere izan zuen. Athleticekin jokatu nuen lehen partida izateaz gain, Camp Noun aurrenekoz aritzeko aukera izan nuen.

Athleticek ba al du Bartzelonaren kontra punturen bat lortzeko aukerarik?

Zergatik ez? Sportingek aurre egin zion joan den jardunaldian. Hercules, bestalde, Camp Noun irabazteko gai izan zen. Beraz, zergatik ez gara irabazteko gai izango? Oso zaila da, baina guk ezin dugu partida galdutzat eman.

Marco Van Basten aurrelari ohi bikainak esan berri du egungo Bartzelona dela inoizko talderik onena. Ados?

Ni gaztea naiz. Ez dut arrastoa utzi duten talde asko ikusteko aukerarik izan. Hala ere, nik ikusi ditudanetatik onenak dira. Beste maila bateko futbola egiten dute.

Eta Cristiano Ronaldo eta Messiren artean dagoen eztabaidaren inguruan zein iritzi daukazu? Zein da zuretzat bietan onena?

Biak dira oso onak. Sekulako jokalariak dira. Hala ere, nik beti izan dut gustuko Bartzelona, eta beharbada horregatik nago Messiren alde. Inork egiten ez dituen gauzak egiteko gai da. Zoragarria da argentinarra jokatzen ikustea. Messi da onena, baina Cristiano Ronaldo ezin da gutxietsi. Portugaldarra ere bikaina da. Gaitza izango da halako beste bi jokalari ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.