Saskibaloia. Espainiako Kopa. Bartzelona 66. Caja Laboral Baskonia 57

Nire etxean ez!

Bartzelonak defentsa bikaina egin du azken laurdenean, eta Baskoniak bost puntutan utzi; ordura arte txukun aritu dira arabarrakLorbekek 26 puntu sartu ditu, eta Eidsonek eta N'Dongek min handia egin dute

Andoni Urbistondo.
Bartzelona
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hogeita hamar minutu iraun zuen ilusioak, eta a zer poza Baskoniako jarraitzaileen artean. Laugarren laurdenaren hasieran 48-52 zelako aurretik Caja Laboral, Bartzelona ahaltsua urdurituz. Lehen hiru laurden dotore izan ziren, defentsa bikaina eginez, Navarroren kemena itzaliz, eta norberaren baliabideei etekin handia aterata. Ivanovicek Maciej Lampe kantxaratu zuen hasierako bostekoan, eta poloniarrak aldakako lesioa erabat ahaztuta daukala erakutsi zuen. Meritu handiko lau saskiratze egin zituen aurrez aurre Boni N'Dong zuela, eta arnasa eta indarra eman zion taldeari. Sinestea ere zaila zen, markagailuari begiratu eta Baskonia aurretik eroso zihoala ikustea. 2-8 eta 11-15 aurreratu zen, San Emeteriok hiruko jokaldia eginda.

Xavi Pascualek Navarro gabe hastea erabaki zuen, baina lau minutura kantxaratu behar izan zuen, arabarren hasiera indartsua eteteko. Navarro, ordea, berde dago, eta lagundu baino gehiago, kalte egin zion taldeari, egindako bederatzi jaurtiketak kale egin zituelako. Beste edozein taldek garesti ordainduko zukeen izar distiratsuenaren horrelako txakalaldi bat, baina Bartzelonak ez. Izar distiratsu asko dituelako. Atzo Erazem Lorbekenan egin zuen distira gehien. Ondo zaindu zuen Teletovic, eta aukera izan zuen aldiro jaurtiketak egin. Esloveniarrak hemeretzi jaurtiketa egin zituen, eta hamaika sartu, horietako lau, hiruko erabakigarriak. Lorbek artista da distantzia erdiko jaurtiketetan, baina jakin badaki, denok bezala, ahula dela Teletovic zaintzan, eta asko zigortu zuen.

Lorbekek hamabi puntu saskiratu zituen lehen zatian, eta bere taldea mantendu. Lehen laurdena 18-17 bukatu zen, Prigionik azken jokaldian huts larri bat egin ostean, baina Baskonia ondo ari zen. Defentsa onari esker Bartzelona estu hartzen, eta erasoan ere, gauzak garbi: San Emeterio batzuetan, Teletovic bestetan, Milko Bjelica hurrena... Beti aurretik, baina beti puntu bakarreko edo biko errentarekin. Eta aldea handitzeko aukerak galduz. 30-33koarekin gertatutakoa gogoratzea komeni. Kontraeraso garbia zuelako Baskoniak, baina Eidsonek baloia lapurtu eta Bartzelonak biko erraza lortu zuelako. Hurrengo jokaldian, gauza bera. Lehen zatiko azkena. Baskonia erasoan, baloia eman, eta azken segundoan Eidsonen bikoa, eta kataluniarrak 34-33 aurretik.

Ivanovicek berak aitortu zuen gero prentsaurrekoan, bi laurden bukaeretako jokaldi horiek asko kalte handia egin ziotela taldeari, konfiantza kendu. Zoritxarrez, hala gertatu zen, baina lehen zatiko zenbakiek ez zuten gezurrik esaten: Baskonia nagusi. Jaurtiketen portzentajean, errebotean eta balorazioan. Eta harmailetan, zaleak pozarren. Gutxik espero zutelako Baskoniak hain duin irautea, defentsan hain joko ona egitea, eta besteak beste, Lampek hain maila ona ematea, sei hilabete geldirik eman ostean.

Arnasa hartu ezinik

Hirugarren laurdena saskiratze trukaketa izan zen. Batek kolpea eman, eta besteak erantzun. Bederatzi aldiz aldatu zen lidergoa, eta berdinketak, aldiz, lau denera. Baskonia izan zen, hain zuzen ere, alde garrantzitsu bakarra lortu zuena, eta hirugarren laurdena bukatzearekin bat egin ere: 48-52, lau puntu aurretik eta hamar minutu, partida bukatzeko.

Egoera ezin hobea zen. Errenta txikia, baina joko ona eta sentsazio hobea. Bartzelonaren erasoaldia etorriko zela jakina zen, baina Navarrok, pattal, aulkirako bidea hartu ostean, lasaitu egin ziren Baskoniako zale asko. Ez zutelako uste Erazem Lorbekek tamainako erakustaldia egingo zuenik, edo Eidsonek taldea bizkar gainean hartu, eta Baskonia hautsiko zuela. Ezta Boni N'Dongek sei puntu sartzea eta bost errebote hartzea azken hamar minutuetan. Zer esanik ez Bartzelonak hain defentsa bikaina egitea.

Bikaina baino gehiago, aparta, saskibaloi eskoletan erakusteko modukoa. Baskoniaren erasoko jarduna bi puntura mugatu zuelako zazpi minututan, eta laurden osoan bost puntura. San Emeterioren biko bat, eta Nemanja Bjelicaren hirukoa. Ivanovicen taldeak ez zuen beste saskiratzerik lortu, eta saiatu, saiatu zen. Egoskor gehienetan, Teletovic saskipean bilatuz, beste aukerarik ez balego bezala. Egiari zor, Olesonk egun txarra izan zuen oso (bost hiruko, denak kale), eta Milko Bjelicak ere erantzukizuna hartzeko berde dagoela ikusi zen. Prigionik ere ez zuen Lagun Aroren aurkako erraztasunik izan saskiratzeko, eta bere ezinean ito zen Baskonia.

Bartzelonak ez duelako barkatzen. Hazi egiten da bere defentsa onari esker, eta asmatu egiten du. Eta asmatzen duen neurrian, aurkaria kamustu, aurkaria itsutu, gehiago hazi. «Nire etxean ez!» esan zion Baskoniari, ozen asko. Lorbekek bost puntu erabakigarri sartu zituen, Mickealek hiruko jokaldia erasoko errebote bat hartuta, eta Eidsonek hiru asistentzia on eman. Baskoniak amore eman zuen azken bost minutuetan, erregaia bukatu eta arnasa hartu ezinik geratu zelako.

Zazpi jokalari bakarrik erabiltzeak dakar nekea. Bost jokalarik hogeita bost minutu baino gehiago jokatu zituzten, Lampek eta Ribasek dozena bat. Walsh, Heurtel eta Nemanja Bjelicak, apurrak. Bestaldean Lorbekek bakarrik gainditu zuen hogeita hamar minutuko langa. Zenbaki horiekin, galtzea normalena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.