NIRE TOURRA. Bihar atseden eguna, bada garaia!

Mikel Astarloza.
2005eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Martxa honetan kexontzi fama hartuko dut. Baina gaurkoak aurreko egunetakoa gainditu du. Badirudi, egunez egun gogortasun markak ontzen saiatzen ari garela. Oraingoz, lortzen ari gara. Etapa hasieratik tentsioa nabari zen. Bagenekien ihesaldi bat egongo zela, eta tropeleko ia guztiok horren zain ginen. Kostata, baina ihesaldia egon da azkenean. Denok nahi genuen, horrela lasaiago ariko ginela uste genuen. Dirudienez, batzuk ez zeuden ados horrekin, eta azkar hasi dira tiraka. 140 kilometrotan eman eta eman aritu gara, atsedenik gabe. Izugarria izan da, benetan. Ez da harritzekoa izan gero etapako azken mendatera ia hustuta iritsi izana. Batzuk, hala ere, badirudi ez direla inoiz nekatzen, eta berriro hasi dira tiraka. Oso azkar igo dugu mendatea, ziztu bizian. Pena hartu dut aurreko taldean ez naizelako sartu. Hortxe izan dut, esku-eskura, baina azken kolpea falta izan zait. Ez nago oso pozik egin dudan lanarekin, baina gaur hasi da benetako Tourra. Oraindik badut denbora sentsazioak berreskuratzeko eta gora egiteko.

Etapari dagokionez, harritu egin nau Discovery Channel taldeak egin duen lana. Harrituta geratu naiz bigarren taldean Popovitx, Azevedo eta Hincapie buruan, tiraka ikusi ditudanean. Ez nekien aurretik zer ari zen gertatzen, baina helmugara iristean esan didate Armstrong bakarrik geratu dela, taldekiderik gabe, inolako laguntzarik gabe. Arraroa da, ez nuen espero horrelakorik. Banekien T-Mobile ondo arituko zela, indartsu daudelakoa, baina DiscoveryrenaÉ Ikuskizunarentzat, hala ere, albiste ona da. Bazirudien dena erabakita zegoela, Armstrongek aise irabaziko zuela. Baina atzokoak agerian uzten du Tourra guztientzat dela gogorra. Lasterketa polita ikusiko dugu, ziur.Biharko etapa gaurkoaren errepikapena izan daiteke. Ziur naiz borroka gogorra izango dela: etapa irabazteko, sailkapen nagusian segundo batzuk urratzeko... T-Mobilek min handia egin dezakebihar ere, gaur lortu dutena akuilu izan daiteke, gainera. Egia esan, badut astelehena iristeko gogoa. Atseden eguna, azkenean! Ezin dut sinetsi! Aitortu behar dut: hasia naiz nekea sumatzen. Hamar egun joan dira Tourra hasi zenetik, eta indarrak behera doaz poliki-poliki. Nabari da jada ez dugula hasieran bezain ondo errekuperatzen. Ezin hobeto datorkigu atseden eguna. Ziur naiz txirrindulari guztiok gustura hartuko dugula atseden pixka bat. Haizea hartzeko balioko digu, gainera, indarrak hartzeko. Orain hasten da Tourreko zati gogorrena: Alpeak, Pirinioak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.