Lehenik eta behin, begiak oker-oker eginda helmugaratu naizela esan, eta sentsazioak ez direla batere onak izan aitortu. Ez galdetu zergatiaz, baina hankak lokartu antzean sentitu ditut egun osoan eta ezin izan dut nahi nuen postura hurbildu ahal izan, ezta gutxiago ere. Zer egingo diogu?
Arratsaldeko 6ak pasata abiatu naiz. Taldekide askorekin hitz egin dut, abiatu aurretik, haiek bukatua zutelako euren lana. Lasai ibiltzeko esan didate, erlojupekoa erraza zela, haizeak gure alde jotzen zuela eta abiadura erakusten duen aparatuari begiratu eta 60 kilometro orduko abiadura agertzen zela beti. 'Kontxo, ez naiz asko nekatuko', pentsatu dut niretzat. Gogotsu ekin diot, aldeko haize hori berehala harrapatzeko, baina kilometro bat, bi, hiru, lau... eta haizerik ez. 'Non demontre ote dago haizea?'. Itsutu egin naiz eta atzera begira ere jarri naiz, une batean, ea aldeko haizea sumatzen nuen. Ezer ez. Haizerik batere ez. 'Kaka, orain, gainera, mina hanketan', esan diot neure buruari. Behartuta joan naiz hasieratik, pedal kolpe ona lortu ezinda, eta ordaindu egin dut bigarren zatian.Ez nioke aitzakiarik bilatu nahi nire lan txarrari, baina zuek ere jabetuko zineten, dagoeneko, haizeari esker irabazi duela etapa Zabriskiek. Ez dakit sasoiz-eta nola dagoen, baina ez da normala txirrindulari denei minutu bateko aldea kentzea.Uhartetik kontinenterako bidea bizikletan egin dut, taldeko autobusa etapa irteeran zegoelako. Zazpi kilometroko pankartan edo ikusi dut Ullrich, aurrena, eta Armstrong gero. Zeuek ere ikusiko zenuten telebistan, baina nik gertu-gertutik ikusi ditut eta gaua eta eguna bezala ikusi ditut. Baldar Ullrich, oso garapen gogorrarekin, baina pedalei buelta emateko arazo askorekin. Justu kontrakoa Armstrong. Ziur aski Ullrichek zeraman pinoi berbera eramango zuen berak ere, baina bere ibilera zeharo ezberdina zen. Arin-arina, dotorea, nekatuko ez balitz bezala.Arratsaldeko 8ak dira. Etapa orain dela ordu eta erdi bukatu dut, baina hemen nago, taldeko autobusean, Fromentine herritik noiz aterako garen zain. Batek daki noiz iritsiko garen hotelera. Normalean, txirrindulariok eta karabanak lehentasuna izaten dugu, hoteletara-eta azkar iristeko, baina gaur [atzo] sekulako jende mordoa dabil eta guk ere pazientzia eduki beharko dugu. Autobusean egin dut otordua, autobusean hartu dutxa, martxan goazela. Tourra gauza handia da, baina handiagoa bihurtzen da urtez urte. Antolakuntza ere aparta da, baina kontrolaezina bihurtzen ari ote den susmoa daukat.
NIRE TOURRA. Haizea, haizea... non dago haizea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu