NIRE VUELTA. Hau da beroa, hau, pasatzen ari garena!

2005eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kristoren beroa egin du azken bi etapetan. Nire ustez, gaur [atzo], Kordobara bidean baino gehiago. 40 gradutik gora egon garela diote. Sinesten diet hori esan dutenei. Ura litroka edan dugu. Bidoiak segituan hustu ditugu eta, horregatik, askotan joan behar izan dugu kotxera gehiagoren bila. Taldekideei ematerako, baina, asko eta asko epelak zeuden. Azken bi egunetan, gainera, gauza harrigarriak ikusi ditut. Atzo, esaterako, tropeleko txirrindulari batek zapatilak kendu eta ura zuzenean bota zuen oinetara. Horrelakorik ikusi gabea nintzen.Gure artean ere hitz egin dugu egiten duen beroaz. Eta paisaia! Gaurkoa [atzokoa] ezin zatarragoa zen. Ni ezin izango nintzateke hemen bizi. Zuhaitzik gabe, lehorra... Bestelakoan, etapa lasaia izan da. Eskerrak! Dena dena, kristoren beroa egin arren, nahiago dut hau euriarekin ibili baino. Errepidea bustita dagoenean oso urduri jartzen naiz. Taupadak nabarmen areagotzen zaizkit.

Biharko [gaurko] etapa oso arriskutsua da. Argamasillara bidean haize-babesak sor litezke eta adi ibili beharko dugu. Ibilbidea oso laua da eta kontuz! Libertykoak, beharbada, tropela hausten saiatuko dira. ONCEren garaian gertatu izan zen noizbait halakorik. Horregatik, adi. Halere, taldekoak gustura gaude. Kordobako etapan, denak edo ia denak aurreko taldean sartu ginen eta hori seinale ona da. Baina kristoren beroa egiten du. Berriro diot. Atzo gauean [herenegun], gaueko hamarretan ere, 30 gradutik gora egiten zuen kalean. Eta autobusetik ateratzean, aurpegi parean lehorgailu bat nuela zirudien. Ni ez noa kalera, nahiago freskuran eta hankak luze-luze eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.