Itzuli handietan beti hasten naiz gaizki, eta jada onartua dut. Gaur ez dakit zer gertatu zaidan, ibilbidea oso gustuko nuen eta ez dut pedal kolpe egokirik lortu. Desastre hutsa izan da. Aitzin etapako ibilbidea gogorra zen, esfortzu agonikoa eskatzen duen horietakoa. Lehen pedalkadatik guztia eman behar duzu eta gogorra da erritmo horretan aldapan gora egitea.
Ni ez naiz erlojuaren aurkakoetan espezialista, baina lan hobea egitea espero nuen. Goizean hiru aldiz egin dugu ibilbidea, zehatz-mehatz aztertzeko, eta litekeena da goizeko azterketa itzuli horietako batean arratsaldean baino hobeto ibili izana. Hasierako maldatxo hori petrala zen benetan!. Irten eta berehala, bi kilometroko aldapa gora. Oso luzea egin zait, bai aldapa eta baita etapa ere. Maldatxo hori hamargarren etapan harrapatuko banu askoz hobeto ibiliko nintzatekeen, seguru. Halere, ez nago triste, ni beti hasten naizelako gaizki. Gainera, aurten ondo dakigu gure eginbeharra liderrari laguntzea dela. Mentxovek irabazi du, atzo esan nuen hiru faboritoen atzetik berak zuela irabazteko aukera gehien. Gaurkoak ez du nire iritzia aldatu, nik oraindik Mancebo, Heras eta Gonzalez ikusten ditut faborito. Vuelta oso luzea da, asko falta da oraindik, eta gauzak asko aldatu behar dira. Aitor Gonzalezi buruz ez dut uste lan txarra egin duenik; bete-betean irten da eta hasierako esfortzua bukaeran ordaindu du. Hemengo beroa ez da Euskal Herrikoaren antzerakoa; gaur hogeita hamazazpi gradu izan ditugu eta ez dio gure jarduna kalterik egin. Bihar[ gaur ] Kordobara iritsiko gara, helmugatik gertu bigarren mailako mendatea dago, eta hor bai nabarituko ditugula berrogei graduak!.
NIRE VUELTA. Itzuli handietan beti hasten naiz gaizki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu