NIRE VUELTA. NIRE VUELTA

Non dago berdea?

Mikel Astarloza.
2006ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bagoazela Extremaduratik! Badut gogoa, triste samarra iruditu zaidalako eskualde hau. Beldurtzeko modukoa ere bai, apur bat. Basamortua, 50 kilometrotik behin herri bat, herrietan ere jende gutxi errepide bazterrean, ez zuhaitzik, ez animaliarik... Egunkari batean irakurri dut tropela Extremadurako paisaia dotoreak zeharkatzen ari zela... Egongo dira, ez dut ukatzen, baina nik ez ditut ikusi. Geografia gustukoa dut, eta Extremaduratik pasa behar genuela banekien. Berdea zela eta beste irakurri nuen, baina nik berderik ez dut ikusi. Hemen bizi direnek Kontxako badia edo Aizkorri puntako bista ikusiko balute...

Litekeena da bero jasanezinak ere inpresio txarra areagotzea. Heldulekuan halako termometroa daramagu, eta herenegun 44 gradura iritsi zen. Tourrean 30 egiten dituenean kexatu egiten gara; ba, pentsa orain. Gogoan dut Australian urteren batean 47 gradu egin zituela, baina hango beroa ez zen hemengoaren modukoa. Ez dakit zergatik, baina bi egun hauetakoa jasangaitza izan da.

Herri eta herri artean pentsatzeko astia izan dugu sobera, eta On Kixoterekin gogoratu naiz. Haize errota batzuk ikusi ditut eta Santxo laguna eta Rocinante zaldia lagun zituela paraje hauetatik ere ibiliko zen. Ikusten duzue, ze burutazio txepel, denbora pasatzeko.

Tropelean ere nabari-nabaria da jendea asper-asper eginda doala. Lan egiteko gogo gutxi sumatzen da, eta bai ihesaldia berehala egin eta bidea lasai egiteko gogoa. Relax taldeko mutilak egin du hanka etapa hasi eta berehala eta tropelak baimena eman dio. Hori ez da ohikoa, baina tropelaren borondate argiaren erakuslea da. Txirrindulari bat telefono mugikorra erabiltzen ere ikusi dugu, eta berez, debekatua dago horrelakoak egitea!

Gaur mendia ailegatuko da, freskura, jende gehixeago bide bazterretan, lehen aldeak sailkapen nagusian... Zibilizaziora bueltatuko gara eta pozteko arrazoia da hori. Eguneko ihesaldian sartzen ahaleginduko naiz. Covatilla hasi aurretik tropel nagusiarekin iristen banaiz, 22. postuan helmugaratuko naiz agian, eta hori, dagoeneko, ez da pizgarria niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.