Mikel Landa. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Niregandik orain gehiago espero dute»

Landaren nahia zen talde laranjarekin zuen kontratua luzatzea. Desioa beteta, Espainiako Vueltan izango da, gorputzak nola erantzuten dion ikusteko irrikaz.

2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Irabazle goiztiarra izan da Mikel Landa (Murgia, Araba, 1989) profesional mailako txirrindularitzan. Lehen urtea zuela, Burgosko Itzulian mendiko etapa irabazi zuen. Horregatik, Euskaltel-Euskadik berehala ziurtatu nahi izan du etorkizuneko izar baten jarraitutasuna. Bi urterako berritu du kontratua talde laranjarekin, oso gustura baitabil bertan. Baina ez du hain urrutira begiratu nahi. Espainiako Vuelta izango du, egun gutxi barru, hiru asteko estreinako itzulia. «Urduri» doala aitortu du, baina «gogoz».

Euskaltelekin kontratua luzatu berri duzu. Pozik, ezta?

Oso pozik, bai. Urte hasieratik berritu nahi nuen, eta azkenean lortu dugu taldeak eta biok nahi genuena.

Proiektu berriak erakarri al zaitu?

Bai. Badirudi Euskaltelek gehiago lagunduko diola taldeari, aurrekontua handituz. Bestalde, Igor Gonzalez de Galdeano izango da taldeko managerra. Proiektua oso erakargarria da.

Zer moduz zabiltza taldean?

Oso gustura nabil. Gaztea naiz, eta taldekideak beti laguntzen saiatzen dira. Gainera, taldea euskal txirrindulariz osatuta dagoenez, oso giro ona daukagu beti.

Maila handiko gazteak zaudete. Etorkizuna badu taldeak, ezta?

Hala da, bai. Zortea izan dugu, adin bereko zenbait txirrindulari iritsi baikara taldera: Ion Izagirre, Sicard, Pello Bilbao... Etorkizuna badagoela ematen du.

Zer espero du taldeak zuregandik?

Taldeak eskatu dit lasai egoteko eta ikasteko. Etorkizunera begira, txirrindulari gisa hazten jarraitu eta pausoz pauso joatea nahi du.

Burgosko Itzulian estreinatu zinen iaz, goi mailan lehen urtea zenuela.

Ezustekoa izan zen, bai niretzat, baita taldearentzat ere. Ea orduan bezain ondo nagoen berriro, eta beste garaipen bat lortzeko aukera dudan.

Horrelako emaitzek ez al dute presio handiagoa jarri zugan?

Baliteke, bai. Orain gehiago espero da niregandik, luze gabe ere. Baina lasaitasuna ere ematen dit garaipen hura lortu izanak. Orain badakit besteren bat ere lor dezakedala.

Aurreko sasoia, lesioen aldetik, ez zitzaizun oso ondo joan.

Alde horretatik urte zaila izan zen, hiru aldiz apurtu bainuen lepauztaia. Gauzak ondo egiten saiatzen zara, eta eroriko horiek konfiantza kentzen dizute. Baina bestalde, egoera horietan lasai egoten ikasi dut, eta ondo nagoenean aukerak aprobetxatzen.

Sasoi hau ere ez zenuen oso ondo hasi. Zer moduzkoa ari da izaten?

Lepauztaia apurtu nuen azaroan, eta horrek prestakuntza atzeratu zidan. Ekainera arte nahiko ondo aritu nintzen Espainiako lasterketetan. Eta orain beste fase bat hasi dut, Espainiako Vuelta prestatzeko. Ez dut emaitza onik lortu, baina prestakuntza bide onetik doa.

Vuelta izango duzu hiru asteko lehen itzulia. Nola joango zara?

Pixka bat urduri. Itzuli handi baterako prestaketa oso ezberdina da. Horregatik, urduri nago ez dakidalako ziur nola nagoen. Hala ere, uste dut ondo egin ditudala gauzak, eta ondo aterako dela dena. Gogoa dut ikusteko gorputzak nola erantzuten duen.

Zein izango da zure helburua?

Lehenengo bi asteetan, dudan guztia emango dut. Pentsatzekoa da azken astean ez naizela ondo egongo, eta alferrik izango da indarrak gordetzea. Helburua da igoeretan Igor Antonekin ahalik eta gehien irautea, edozer behar duela ere laguntzeko. Hura da taldeburua, eta oso ondo dago.

Zer lor dezake Antonek Vueltan?

Oso itzuli gogorra izango da, oso jende ona ariko delako. Edozer gauza gerta daiteke, baina podiuma lor dezakeela uste dut. Espero dugu hala izatea.

Izango al duzu aukerarik zure kabuz aritzeko?

Baietz uste dut. Azken batean, Vueltara hain txirrindulari onak joanda, ahalik eta lan gutxien egin behar izatea espero dugu, eta mugitzeko aukera izatea.

Zer moduz aritu da taldea sasoi honetan?

Sasoi zaila izan da. Urte hasieran, ez genekien zein izango zen taldearen etorkizuna, eta horrek beti sortzen dizu tentsioa. Baina Euskal Herriko Itzulian taldea ondo funtzionatzen hasi zen, eta hortik aurrera ere maila ona eman dugula uste dut. Giroan oso ondo aritu zen taldea, eta Tourrean ere, nahiz eta Samuel erretiratu, taldeak buelta eman zion egoerari.

Noraino irits zaitezke etorkizunean?

Oraindik ez dakit nolako txirrindularia naizen. Ikusi dut igoeretan ondo aritu naitekeela, baina ez dakit hiru asteko itzulietan sailkapen nagusian sartzeko lehiatzeko moduan egon naitekeen. Denborak jarriko nau nire tokian, eta toki hori zein den jakin nahi dut.

Taldeburuek Euskaltel-Euskadin jarraituko dute. Horrek erantzukizuna kentzen dizu, baina pixkanaka pisu gehiago hartu beharko duzu.

Hala da, bai. Etorkizuneko txirrindulari gisa ikusten naute, eta hori ona ere bada. Erantzukizuna dudanean ondo erantzutea espero dut. Nigan duten konfiantza hori itzuli nahi diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.