Niretzat mamia, eta zuentzat papurrak

Castrok erakustaldia emanda irabazi du Pedreñan, eta gehiago sendotu du San Miguel ligako lidergoa

Aitor Manterola Garate.
2009ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Haizea zebilen lekuan galerna azaldu zen. Gorriz jantzita. Pedreñatik gertu dagoen beste herri batetik. Estropada eremuan zebiltzan beste traineruak alde batera eta bestera mugitu zituen Castro izeneko haize erauntsi indartsuak. Nahierara menderatu zituen denak. Lan ona egin zuten ontzien jardunari txarraren traza emateraino. Baina ez zen hala izan. Castroren erakustaldiak beste batzuen lan ona ezkutuan utzi baitzuen.

San Miguel ligako zazpigarren estropada zen jokoan Pedreñan (Espainia), eta Castrok maisutasunez irabazi zuen bosgarren aldiz. Ogiaren mamia beretzat hartu zuen, eta besteei papurrak laga zizkien. Horrenbestez, sailkapen nagusian lehen sendo bazegoen lidergoan, orain sendoago dago. 11 puntuko tartea kentzen dio bigarrenari, San Pedrori. Atzo, puntuak segundotan jarrita, antzeko aldea egon zen bien artean. 13 segundo aurretik sartu ziren kantabriarrak. Txingurriarena egin zuten. Poliki-poliki sekulako lana egin, segundoz segundo aldea gehitu. Lehen luzean, parean ziren La Marinera eta Libia traineruak. Segundo batera eta bira Hondarribia eta Pedreña. Hortik aurrera hasi zen Castro mamia jaten, eta besteei papurrak uzten. Pixkanaka-pixkanaka.

Bigarren luzearen hasieran hiru segundora eta bostera utzi zuituen etxekoak eta Hondarribia. San Pedrok eusten zion erronkari, segundo bat atzetik baitzen. Baina hortxe bukatu ziren bukatu beharrekoak. Bi eta hiru segundora igo zuen aldea txandako aurrenak. Bigarren ziabogan trainerua ateratzen zion bigarrenari. Hirugarren luzean, haizea lagun, handitu egin zion tartea San Pedrori. Hondarribia eta Pedreña 10 eta 11 segundora zebiltzan. Erabakita zegoen estropada, baina garailearen sena ase ezina denez, tarteak handitzen jarraitu zuen Castrok. Laugarren luzean laugarren kalera joanda ere, gorantz egin zuen distantziak. Azkenean, nagusitasunez irabazi zuen, eta 20 minututikbehera egin zuen ontzi bakarra izan zen. Ikusgarria, atzo haizeak nola jotzen zuen ikusita. Baina ez da galerna gorria baino indartsuagorik.

Orio, ohorezko txandan gaur

Bigarren txanda Oriok irabazi zuen. Hasieratik hartu zien aurrea ederki ari zen Kaikuri, Urdaibairi eta Zarautzi. Lan trinkoa egin zuten oriotarrek, eta Urdaibai baino lau segundo aurretik ziren helmugan. Lan onari esker, hirugarren izan ziren sailkapenean, eta gaur, ohorezko txandan aritzeko aukera izango dute. Kaikuk ere ondo bukatu zuen estropada, baina Zarautzek ez. Ez zuten egunik onena izan, eta bederatzigarren izan zen azkenean. Lehen txandako garaileak, Zumaiak, hartu zion aurrea.

San Miguel ligak beste estropada bat izango du gaur, Plentzian (12:00etan, ETB 1). Berezia izango da arraunlarientzat, aurtengo aurrenekoa izango delako itsaso zabalean. Momentu hori heltzeko irrikaz zeuden denak, eta iritsi da halako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.