Jokin Etxaniz. Aspeko kirol zuzendaria

«Niretzat sarri falta izan duen tentsioa ikusten diot Xalari»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Nola ikusten duzu finala?

Hasieratik behar zuen finala da, eta Yves ondo indartu da. Nik ebakuntzaren aurretik zegoen bezala ikusten dut.

Ezer pasa izan ez balitz bezala dago?

Bai, ondo dago. Antzera ikusten dut. Entrenamenduetan-eta ez zaio sumatzen ebakuntza. Hori bai, hainbeste denbora zuriz jantzi gabe egotea nabari dezake.

Geldialdiak ebakuntzak baino gehiago arduratzen zaitu?

Bai, egia esan, bai. Kasu honetan bai behintzat, ez delako berdina jokatzea edo entrenatzea. Berak partida bat jokatu nahi zuen finalaren aurretik, egokitzeko, hilabete baino gehiago daramalako geldirik, baina arriskua hor zegoen.

Xalak esan du polemikak amorru pixka bat ateratzen lagun diezaiokeela.

Nahiko nuke nik hala balitz. Baina baliteke. Izan ere, ebakuntzaren ondoren, niretzat askotan falta izan duena ikusi diot: tentsio berezi hori du, final bat jokatzera doanarena. Beste final batzuetan ez diot halakorik ikusi, baina azken asteetan entrenatzeko gogo harrigarria zuen. Agian, pasa den guztiak lagundu egingo dio. Argi dago polemikak ez diola mesederik egin inori, ez pilotariei, ez zaleei, ez inori... Baina izan dezake ondorio onik, Xalak final hau jokatu nahi zuela erakutsi du, eta ondo egoteko lan egin du.

Txapelketa ikusita, sake-errematearen finala izan daiteke?

Jendea horretan saiatzen da behintzat. Nik ez dakit sakea koadro erdi atzeratzearekin zerbait lortu den. Asko jota, sakatzaileari kalte egitea. Sake-errematea eragozteko, agian, beste neurri batzuk hartu beharko lirateke; pasa marra aurreratzea, adibidez. Baina pilota hauekin bote egiten uzten baduzu... Eta gero jendeak nola bukatzen duen aurrean. Edozeinek ezin du hori egin! Izan daiteke sake-errematearen finala.

Sakea airez errestatzea ezinbestekoa dirudi.

Bai, beharrezkoa da, jendeak oso ondo errematatzen duelako edozein distantzia eta jarreratan. Ondo errestatu duzula uste duzu eta hiru t'erditik sekulako gantxoa sartzen dizute. Hori ikusita, zer? Bada, airez joan eta aurkariak denbora izan ez dezala.

Olaizola II.a ondo dago; agian, bere manomanistarik onenean.

Oso ondo nago. Ikusi zaio bi aurkari handiren aurka, Irujo eta Bengoetxea VI.aren aurka, oso ondo jokatu duela. Errematean ikusi dut bereziki fin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.