NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea «Tokioko 2020ko Olinpiar Joko arrakastatsu batzuetarako» prestatzen ari da. Hala adierazi du erakundeko presidente Thomas Bachek. COVID-19 koronabirusak ezbaian utzi du aurtengo kirol ikuskizunik handiena, eta gaur eta bihar artean Lausanan (Suitza) egiten ari diren bileran gaia aztertzen ari dira NOBeko kideak. Bien bitartean, horietarako sailkatzeko probak bertan behera uzten edo moldatzen ari dira.
«Uztailaren 24tik aurrera Joko arrakastatsu batzuk egiteko» ziurtasun osoa duela adierazi zuen ostiralean Bachek, baina Japonian ez daude hain ziur. 950 lagun kutsatu dira herrialde hartan, eta hamabi lagun hil —horietako sei, Diamond Princess gurutzaontziko bidaiariak—. Horiek horrela, Jokoetarako ministro Seiko Hashimotok adierazi du Japoniak konpromisoa duela Jokoak «2020an» egiteko, hau da, ez dagoela zertan uztailaren 24tik abuztuaren 9ra egin.
Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetara begira, bertan behera geratu den azken kirol ekitaldia gurpil aulkiko errugbiko sailkatze proba izan da. Martxoan ziren egitekoak, Tokion, baina ez da hala egingo, Japoniako Gobernuak jende ugari elkartu dezakeen kirol eta kultur ekintza oro bertan behera uzteko exijitu ostean. Halere, adierazi dute proba «nolabait» egingo dutela, apirilean. Ez da halako aldaketa bat jasan behar izan duen ekitaldi bakarra. Martxoaren 6an eta 7an eskaladako ikuskizun bat egin behar zuten, Jokoetako txapelketa eremua ikuskatzeko, baina azkenean ez da profesionalik egongo. Halako beste hamazazpi proba ere aurreikusita zeuden, maiatzaren 8ra arte; tartean, gimnasiakoa.
Taiwanen egin beharreko jokoei begirako beisboleko sailkatze txapelketa ere ez da apirilean egingo, eta ekainera arte atzeratu dute.
Geldirik
Kirola etenda dago Japonian. Futbol ligan ez da partidarik jokatuko martxoaren 15era arte, beisbol ligako denboraldi-aurrea ateak itxita jokatzen ari dira, eta aurreko asteko Tokioko maratoian profesionalek bakarrik hartu zuten parte, 30.000 lagunek izena emana zuten arren.
Egoera ez da mugatzen Japoniara. Futbolean, UEFAk eta Commebolek Eurokopa eta Amerika Kopa antolatuak dituzte udarako; bi kasuetan ere, egoitza partekatuarekin. Hamabi herrialdetan egingo da Eurokopa, eta bitan Amerika Kopa. Bi erakunde horiek ere bilduta daude. Espainian, Osasun Ministerioak erabaki du nazioarteko lau ekitaldi ateak itxita jokatuko dituztela. Saskibaloiko bi, eta futboleko beste bi —Championsekoa bat eta Europa Leaguekoa bestea—.
Gainontzean, bertan behera geratu direnak Moto GPko lehen bi lasterketan izan dira, baita halterofiliako munduko junior txapelketa, triatloiko munduko serieen lehen proba eta beste batzuk ere.