Joan den apirilaren 25ean beldurrak gaina hartu zion irrikari. Nepalen lurrikara handia izan zen egun horretan, eta hemeretzi mendizale hil ziren Everesteko kanpamendu nagusian —9.000 pertsona hil ziren Nepalen—. Zailak izan ziren erreskate lanak, baina onik jaitsi ahal izan zituzten mendizaleetako beste asko. Ordutik oso eskaera gutxi izan da Everest mendira igotzeko (8.848 metro), baina Nobukazu Kuriki 33 urteko japoniarrak ireki du atea.
Dagoeneko kanpamendu nagusira bidean da Kuriki, laguntzailerik gabe, eta aste honetan bertan dauka asmoa saiakera egiteko. Nepalgo Turismo Ministerioak jakinarazi duenez, eskaera gutxi batzuk izan dituzte inguruko mendaterik altuenak igotzeko: Annapurna, Manaslu eta Makalu. Abuztu hasieran Nepalgo Gobernuak "segurutzat" jo zuen jada Everest ingurua.