Susto galanta, zorionez. Andres Chapu Nocioni erietxera bidean zegoela bukatu zuen partida atzo Baskoniak, Milanen, haren lesioaren inguruko berri gutxirekin, baina urduritasun gauak goiz lasaia ekarri zuen. Jokalariak berak eman zuen bere egoera fisikoaren berri, bere Twitter kontuaren bitartez, eta ondo zegoela esan: «Ez daukat lesio larririk, beraz, lasai. Egia da atzo gauean [herenegun] susto handia hartu nuela, ezin nituelako mugitu ezker besoa eta eskuin hanka, baina orduak pasatu ahala, arazo horiek desagertu egin dira».
Nocioni taldearen hegazkin berean bueltatu zen etxera, Italian geratu gabe, eta goizean, ezker besoa apur bat inurrituta zeukala aitortu arren, lehenbailehen jokatzeko moduan egongo dela berretsi zuen. Ikusteko dago bihar Madrilen izango den edo ez. Bistan da taldeak ez duela gogorik arriskurik hartzeko, are gutxiago datorren ostegunean daukan partida erabakigarri horri begira, baina ondo bidean, azken erabakia Nocionirena izango da. Zaleen artean zalantzarik ez dago: jokatzeko moduan badago, jokatu egingo du.
Milango garaipenak izan zezakeen bukaerarik politena izan da. Nocioni luzerako lesionatu izan balitz, Baskonia herren geratuko litzateke luzerako, eta hutsune horrekin, kirol helburuak betetzeko modurik ez. Ezin ahaztu Nocioni izaten ari dela taldeko jokalaririk onena liga hasieran eta gaur-gaurkoz, jokalari ordezkaezina dela. Gasteizen baikortasuna bueltatu da Milanen irabazita. Ostegunean ezinezkoa ikusten zena posible ikusten da orain, baina Efes Pilsen menderatzen badu, aurrerapauso ona emango du Top 16ari begira, ondoren Cedevita Zagreben aurka jokatuko duelako. Milango garaipena eta 10 punturen errenta garrantzitsuak dira ligatxo bukaeran gerta litezkeen berdinketei begira.
Nocionik ez du lesio larririk, eta jokatzeko moduan legoke bihar
Hegalekoak baieztatu du, bere Twitter kontuan, eta aitortu du susto handia hartu zuela kolpea hartu zuenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu