Bote altukoak eta frontistetik asko irteten direnak Irujo eta Zabaletak, eta bote ertainekoak eta aurrean jokatzekoak Berasaluzek eta Albisuk. Pilota zeharo ezberdinak aukeratu dituzte eskuz binakako finalean lehiatuko diren bi bikoteek.
Ez da piloten inguruko kexarik izan, eta bi bikoteak bat etorri dira balorazio batean: atzelarien lana izango da finaleko gakoa. Irujok argi esan du zein estrategia darabilten: "Albisu bosteko koadrotik atzera egotea".
Ikusmin handia piztu du finalak Bizkaian, Pablo Berasaluze lehiatuko dela eta. Pilotariak aitortu du 200 sarrera eman dizkiotela eta 400 izan balitu ere nori eman izango lukeela. Frontoia betetzea espero dute.