Reala 0-1 Celta

Non dago Reala?

Hirugarren partida galdu du segidan, ez diolako bueltarik eman Celtak penalti eztabaidagarri baten bidez lehen zatiaren amaieran sartu dion golari. Hamabi puntutik bakarra atera du Liga berriz hasi denetik.

jarraia183323.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 24a
21:42
Entzun

Non dago Reala? Galdu egin da Lehen Maila geldirik egon zen hiru hilabeteetan. Zenbakien alderaketa beldurgarria da: Anoetan, etenaren aurretik, zazpi partida segidan zituen irabaziak, baina orain, hiru partida jokatu ditu harmaila hutsen aurrean, eta puntu bakarra atera du. Hori gutxi ez, eta kanpoan jokatu duen bakarra ere galdu egin zuen. Hamabi puntu jarri zaizkio jokoan etenaren ondotik, eta bat bakarrik lortu du. Celtak 0-1 irabazi zion atzo. Lehen aldiz geratu da Anoetan golik sartu gabe sasoi honetan.

Reala ez da sasoi honen lehen bi herenetako Reala. Sekulako arazoak dauzka jokoa sortzeko, eta aurkaria baloiaren atzean serio defendatzen jartzen bazaio, akabo. Bigarren zatiko azken erdia adierazgarria izan da Celtaren aurka ere: baloia makal mugitu dute jokalariek, sakontasunik gabe, mugikortasunik apenas izan dute Imanolenek, eta horrek guztiak lanak asko erraztu dizkio Celtari.

Jokoarena ukaezina den bezala, epaileen lanari ere eman egin behar zaio berea. Seigarren penaltia segidan adierazi diote azken sei partidetan, eta atzokoa ere zalantza eragiteko modukoa izan da. 44. minutuan, etxekoek erraztasun guztiak eman dizkiote Celtari kontraeraso garbia ateratzeko. Baloia nork urrundu ez dira ados jarri Martin Zubimendi gaztea eta Diego Llorente, eta Iago Aspasi heldu zaio. Area barruan, Llorentek eskua jarri dio gerrian, eta azkar bota du bere burua aurrelari galiziarrak. Prieto Iglesiasek txistua jo duen bezain azkar. Penaltia eta 0-1.

Bigarren zatiaren hasierako hamabost minutuetan ez da gaizki aritu Reala, Celtak ere opari asko egin dizkiolako jokoa sortzen hasi denean. Trantsizio azkarreko partida, ordea, azkar desagertu da. Segituan sartu da Celta atzean, eta galdu egin da Reala. Emaitza irauli behar duen taldeak lau gol aukera sortuta egin nahi badu hori, lan zailak izango ditu, eta atzo Realak ez zituen gehiago sortu. Celtak, aldiz, nahikoa izan du behin iristea Remiroren areara. Erosoegi irabazi dio etxeko taldeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.