Non izango ote du burua?

Ligan Bartzelonaren aurka jokatu aurretik, Bayern Munichen aurka ariko da Real Madril Txapeldunen Ligan gaur

Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldiko urteetako asterik zailena izango da Real Madrilentzat honako hau, inongo zalantzarik gabe. Egun gutxiren buruan, denboraldi erdia baino gehiago izango du jokoan. Kasualitatea da sasoiko bi partidarik garrantzitsuenak aste berean izatea. Kasualitate hutsa. Besterik ez. Taldeak non izango ote du burua?

Datorren larunbatean Bartzelonaren aurka neurketa garrantzitsua jokatuko du Jose Mourinhoren taldeak, baina aurretik, gaur iluntzean, Bayern Munichen aurka ariko da Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoan (20:45). Datorren astean jokatuko duten itzuliko partidarako, ahalik eta emaitzarik txukunena lortzea da asmoa. Irabazi ahal bada, berdindu bestela. Galdu ez. Gaur lortutako emaitzarekin gertu bezain urrun izan dezake Real Madrilek maiatzaren 19ko finala. Ondo daki hori. Ezinbestean, lan asko egin beharko du jokalari bakoitzaren buruak. Ezinbestean, larunbatekoa ahaztu eta gaurko partidan jarri behar dute arreta guztia. Hori da. Hori da aste zaila gainditzeko izan dezaketen antidotorik onena.

Bayern Munichek denboraldi traketsa borobiltzeko aukera dauka gaur. Asteburuan Bundesliga irabazteko ia aukerarik gabe gelditu zen, Mainz 05en aurka hutsean berdindu ostean. Sailkapeneko bigarren postuan dago orain Jupp Heynckesen taldea, Borussia Dortmund liderrarengandik zortzi puntura. Liga ahaztuta, Txapeldunen Ligan jarri du arreta. Arreta, ilusioa, gogoa eta indarra. Dena. Liga ahaztuta, denboraldi honetako helbururik argiena eta handiena bihurtu da taldearentzat finalera sailkatzea. Are eta bereziagoa litzatekeelako aurten. Gaurko agertoki berean, etxean, zaleen aurrean izango litzatekeelako. Municheko Allianz Arenan, alegia.

Aspaldiko garaietara itzultzeko nahia handia da bi taldeetan. Txapeldunen Ligan nagusi zireneko garai haietara itzuli nahi dute. Historiarekin topo egin berriz. Historiarekin adiskidetu, beste titulu bat irabazita. Besterik gabe, historia egin. 2001ean irabazi zuen azken kopa Bayernek. 2002an Real Madrilek. Urte asko pasa dira hartatik.

Hemezortzi alditan neurtu dituzte indarrak bi taldeek elkarren aurka Txapeldunen Ligan. Hamar aldiz irabazi dute alemaniarrek, eta sei alditan espainiarrek. Bitan berdidu egin dute. Finalerdietako kanporaketan lau aldiz egin dute topo. Hirutan lortu du Bayernek finalera pasatzea. Behin besterik ez Real Madrilek.

Estatistikak alde izan arren, Mourinhoren taldea da kanporaketan aurrera egiteko faboritoa. Borrokatua izango da, ziur, bi taldeek lehiaketa ikusgarria egin baitute. Mourinhoren taldeak, esaterako, jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Heynckesenak bat galdu du. Final-zortzirenetan izan zen, Basilearen aurkako joanekoan. Ligan baino itxura hobea erakutsi du Txapeldunen Ligan, eta hori berretsi nahiko du gaur Real Madrili gauzak zailduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.