Futbola

Nora ezean geratu da Athletic

BATE Borisoven zelaian 2-1 galduta, zuri-gorriak azken postuan geratu dira Txapeldunen Ligako multzoen fasean, puntu bakarrarekin. Taldea azken partidetan ematen ari den irudia da, ordea, kezkagarriena.

Athleticeko jokalariak hegazkina hartzen Bilbora itzultzeko. ATHLETIC CLUB
unai zubeldia
2014ko urriaren 1a
13:26
Entzun

Desagertu egin da Athletic. Inon ez da ageri joan den denboraldian liga laugarren postuan amaitu zuen taldea; Napoliren aurkako Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa merezita irabazi zuena. Lur jota dago Athletic. Lur jota jokalaria, entrenatzailea eta zaleak. "Ezin dugu horrela jarraitu". Aritz Adurizek berak aitortu zuen hori, partida amaitu berritan. Orain arteko partidarik txarrena jokatuta, Portok azken unean Xakhtarri sartutako bi golei esker daude zuri-gorriak bizi-bizirik Txapeldunen Ligan. Zaila da egoera, baina hiru punturen tartean daude lau taldeak: lau puntu dauzka Portok, hiru BATE Borisovek, bi Xakhtarrek, eta bakarra Athleticek. Puntuez haratago, ordea, azken partidetan ematen ari den irudia da kezkagarriena.

Athletic 16. postuan dago Espainiako Ligan, lehen sei partidetatik lau galduta (lau puntu dauzka), eta Real Madrilen zelaian jokatu beharko du igandean, 21:00etan. Begiratu batera, ez da zelairik aproposena burua altxatzen hasteko. Luzea izan da Bielorrusiara arteko joan-etorria (hiru ordu eta erdiko bidaia da), nekea eta tentsioa pilatu dute jokalariek, kolpe gogorra hartu dute, eta Ernesto Valverdek asmatu egin beharko du jokalariak indarberritzen. Iraola, San Jose eta Ibai Gomez hasieratik aritu ziren atzo BATE Borisoven aurka, eta pentsatzekoa da De Marcosek, Gurpegik eta Susaetak hasieratik jokatzeko aukera izango dutela. Ikusi egin beharko da zelai erdian beste aldaketaren bat egiten duen edo ez, euren mailatik oso behera ari direlako, besteak beste, Iturraspe eta Beñat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.