Montse Puche. Super Amara Bera Berako entrenatzailea

«Nora joan nahi dugun jakiteko balio diezaguke atarikoak»

Bera Berak Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuko du gaur eta bihar Donostian. Montse Puchek aitortu du «izugarri zaila» izango dela sailkatzea, aurkarien maila bikaina baita. Ez du amore ematen, hala ere.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2016ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bigarren sasoia hasi du Montse Puchek (Alcorcon, Espainia, 1970) Bera Beran. Hura aulkian denetik Donostiako taldeak bolada bikaina darama, Espainiako lehiaketan jokatu diren bost txapeletatik guztiak irabazi baititu: bi liga, bi superkopa, eta kopa bat. Berehala egin du zehaztapena. «Baina Europa beste mundu bat da, eta zer esanik ez Txapeldunen Liga».

Ez dago titulu bat irabaztea baino hasiera hoberik.

Ondo ari zaren seinalea da.

Atzean geratu da Espainiako Superkopa. Txapeldunen Liga dator orain.

Beste mundu bat da, ez du batere antzik Espainiako lehiaketarekin. Badirudi etxean jokatuko dugunez dena eginda daukagula, baina inondik inora ere ez. Atariko honetan ariko diren hiru taldeak gu baino koska batzuk gorago daude alor guztietan: gure aurrekontuaren halako bi dute, azpiegitura hobeak, egitura erabat profesionala... Haien jokalariek, adibidez, eskubaloian bakarrik jokatzen dute, eta, horri esker, makina bat orduz entrenatu ahal dira. Gure jokalariek, ordea, ez dute ogibidetzat eskubaloia. Hala ere, ilusio handiz ariko gara. Esperientzia honetaz gozatu nahi dugu, eta ahal dugun guztia ikasi.

Zer moduz dago taldea?

Ondo, gogotsu. Superkopako lehen zatian zalantza batzuk izan genituen, baina gero, partida aztertutakoan, ez zen izan horrenbesterako. Halako lehiatan antsietateak zeresana izan ohi du, sasoiko lehen partida delako, eta jada titulu bat dagoelako jokoan. Baina ondo egin genion aurre.

Bigarren zatiko Bera Bera izan beharra duzue.

Hala da, eta horretan ari gara. Hasieratik kantxaratu behar gara intentsitate handiarekin, eta guri komeni zaigun erritmoa ezarri. Defentsan indartsu egon behar dugu, eta ahal dugunean irten kontraerasora. Eraso antolatuan, berriz, topatu ditzakegun zuloak aprobetxatu behar ditugu.

Hypo izango duzue aurkari finalerdietan. Ez da lehengo talde ia gaindiezina, baina oso indartsua da oraindik ere.

Talde historikoa da. Jokalari nintzenean mamu beltza nuen. Makina bat aldiz jokatu genuen haren aurka, eta makina bat aldiz kanporatu gintuen. Horregatik, nahiz eta urteekin behera egin duen, errespetu handia diot. Oso jokalari onak ditu, eta izugarri zaila izango da hura mendean hartzea.

Non egin diezaiokezue min?

Defentsan oso sendoak izan beharko dugu. Urrutitik jaurti dezaketen hainbat jokalari ditu, eta jaurtiketa horiek oztopatzen saiatu behar dugu. Hori lortuz gero, bizi-bizi atera beharko dugu kontraerasora.

Dena ondo eginda ere, gal dezakezue.

Noski, eta ez litzateke harritzekoa izango. Sekulako taldea du Hypok. Horregatik, guretzat, oso baliagarria izan daiteke atariko hau jokatzea, nora joan nahi dugun jakiteko balio diezaguke. Oso talde gaztea gara, eta jokalari gazteei mesede handia egingo die partida hauek jokatzeak.

Logikak dio oso aukera txikiaduzuela Txapeldunen Ligarako sailkatzeko.

Hala da, Hypori irabazita ere, gero Leipzig ahalguztidunaren aurka jokatu beharko genukeelako finalean. Oinak lurrean ditugu, badakigu izugarri zaila izango dela sailkatzea, baina oso gogotsu gaude, eta daukagun guztia emango dugu. Ezin badugu irabazi, ikasteko balio dezala behintzat.

Atarikoa jokatu eta hiru egunera duzue ligako lehen partida, Bidebietan, Aula Valladoliden aurka. Zer helbururekin ekingo diozue?

Oso goian jarri dugu langa, baina jendeak, hala ere, gehiago nahi du. Guk orain arte bezala jarraituko dugu, entrenamendu eta partida guztietan barruan daukagun onena ematen. Horrela jokatu dugu ni nagoenetik, eta ez dugu aldatzeko asmorik.

Zer-nolako liga espero duzu?

Oso lehiakorra. Nire ustez, aurreko sasoietakoa baino lehiakorragoa, parekatuagoa. Aurreko denboraldian, adibidez, bigarrenarekin, Ro'Casarekin, puntuetan berdinduta izan ginen txapeldun, eta horrek agerian uzten du zein zaila den liga irabaztea, zein gogor egin behar den borroka titulua lortzeko.

Azken lau sasoietan liga irabazi ondoren, zuek zarete berriz ere faborito?

Jendeak hori dio, baina ni ez nago erabat ados. Adibidez, joan den astean aurreko sasoiko sariak banatu zituzten, eta zazpiko onenean gure taldeko jokalari bakarra zegoen, eta Ro'Casak hiru zituen. Objektiboki, Ro'Casak behar luke izan faboritoa, eta ez guk.

Zuk esan duzu, gehiago eskatuko zaizuela. Zer moduz jasan dezake presioa hain talde gazteak? Are gehiago, Matxalen Ziarsolo eta Eli Pinedo jokalari beteranoak falta dituzuela.

Presioa kudeatzeko gaitasuna eskarmentuak ematen du, eta, gurea talde gaztea izanik, zaila izango da partida guztiak irabazi beharrak eragingo duen presioari eustea. Saiatuko gara etorri direnek eta taldean urte batzuk daramatzatenek erantzukizuna har dezaten.

Matxalen Ziarsolo eta Eli Pinedo gabe, aldatu egingo da taldearen estiloa?

Ez. Ez dugu estiloa aldatuko. Eskubaloi bizia, intentsitate handikoa egiten jarraituko dugu. Hori izan da beti Bera Beraren zigilua, eta hala izaten segiko du.

Haien falta sumatuko duzue?

Noski, eskubaloian historia egin duten bi jokalari baitira. Bera Beran funtsezkoak izan dira, pistan zein pistatik kanpo. Arrasto ezabaezina utzi dute. Oso-oso zaila izango da haiek ordezkatzea, baina aurrera egin behar dugu, bizitzan halako une gogorrei aurre egin behar zaie, eta ziur naiz guk aurre egingo diegula.

Leire Aramendia, Marta Lopez, Patricia Elorza eta Andrea Zaldua iritsi dira. Pozik zaude horiek fitxatu dituztelako?

Oso pozik nago. Leirek, adibidez, lan bikaina egin zuen Superkopan. Martari, berriz, oraindik pixka bat falta zaio, egun gutxi baitaramatza gurekin entrenatzen. Alde horretatik, Patrik abantaila du, badakielako nola egiten den lan hemen. Oso jokalari onak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.