Kluben egitura. Eliteko futbolean, klubetan kargu ugari egoten da. Kirol arlokoak izaten dira batzuk, eta beste arlo zenbaitekoak besteak. Klubetako talde nagusien kirol ardura entrenatzaileena da. Eta ia leku denetan, bere gainetik egoten dira kirol zuzendariak edo antzeko izenez izendatutako agintariak. Banaketa hori agerikoa da jendearen begietara, baina gero, klub bakoitzaren barrunbeetan nola gauzatzen da banaketa hori? Galdera horren jatorria hemendik sortu zait: Realaren eta Athleticen jokoa aztertuta. Reala urria da erasoan taktikaren arloan, eta Athleticek Fernando Llorenteren aukera bakarrik baliatzen du. Bi egoera horien ardura bi entrenatzaileena da, baina hemen datorkit galdera: ikusita askoz aberatsagoak izango liratekeela bi taldeak baliabideen aldetik gabezia horiek konponduta, klubetako kirol ardura duen inork ez al die esaten bi entrenatzaileei zerbait aldatzeko?
Talentuaren gatibu. Idatzi eta idatzi egin dut hemen Reala oso urria dela erasoan. Baloiaren jabe denean, bistakoa da jokalarien mugimenduak ez direla egokiak izaten askotan. Eta egokiak ez direnez, baloia sarri galtzen dute, eta defendatzeko garaian, gaizki jarrita egoten da taldea. Igandean, oso nabarmen gelditu zen zeren kontura bizi izan den orain arte erasoko jokoa: Griezmann,Zurutuza eta Xabi Prieto ondo egon diren bitartean, primeran, eta orain, ondo ez daudela, komeriak. Hirukotearen buruz buruko jokaldien mende dago taldea, eta ateratzen ez zaienean zer? Nekatzen direnean zer? Igandean lehen zatian, dena zen buruz burukoa. Kale eta kale. Bigarren zatiaren hasieran, paseak ematen hasi zirenean, askoz hobeto moldatu zen taldea. Eta hobeto moldatuko zen lan horretan, taktikoki aberatsagoa balitz. Baina damutzea alferrik da orain. Klubean, kirol arloan Martin Lasarteren gainetik dagoenak edo daudenek ez al zioten esan beharko erasoan beste baliabide batzuk lantzea beharrezkoa dela? Pentsatzekoa da egingo dituztela bilerak, aztertuko dutela taldearen ibilia, eztabaidatu behar bada eztabaidatuko dutela. Edo, bestela, entrenatzailearen ardurapean bakarrik utzita al dago lan hori guztia? Hala bada, bide okerra dela iruditzen zait.
Abiadurari oztopoa. Athleticen inguruan ere badut kezka. Antzekoa. Nabarmena da Fernando Llorenteren jiran antolatzen dela erasoko jokoa. Eta normala da, halako jokalari puska taldean izanda. Baina txarra ez beste baliabide batzuk ere lantzea. Llorenteren aukera ez dagoenetan erabiltzeko, Llorente ondo lotzen dutenerako, edo partidan joko zuzena ez den beste eredu bat lantzeko aukera dagoenerako. Astelehenean, bigarren zatiaren bigarren erdian, aukera paregabea izan zuen Athleticek kontraerasoan jokatzeko. Egoki zeukan partidan horretarako. Galdera: egokia al da Llorente horretara jokatzeko? Ezetz ematen du, azkarragoak diren jokalarien mesedetan. Baina Joaquin Caparrosek ez zuen aurrelari sendoa aldatu. Eta ez du ia inoiz aldatzen. Ziurrenik badakielako area barruan sartzen dutenean baloia ez daukala aurrelari handia baino hoberik. Baina beti sartu behar al da baloia area barruan erdiraketen bidez? Llorenteren presentzia tentazio handia da taldekideentzat ere. Adibide bezala, Getaferen bigarren gola. Eskuin hegaletik zen erasoan Athletic, eta presaren presaz egin zen erdiraketa. Beste aukera batzuk bazeuden, baina Llorente pagotxa da. Ohitura ezin da galdu. Taldea beste aukera batzuk lantzeko hobeto kokatuta zegoen, baina han joan zen erdiraketa. Baloia galdu, eta kontraerasoan sartu zuen gola Getafek. Jokaldi horretan, nola defendatu zen ere ondo aztertzekoa da, baina hori ere Caparrosi dagokio. Berari bakarrik? Edota bere gainetik dituenei ere bai. Baina nor dago bere gainetik? Norbait ba al da hor? Egon behar luke, lau begik bik baino gehiago eta hobeto ikusten dutelako, eta seik lauk baino hobeto. Athleticen, Realean eta munduko talde guztietan.
Aulkitik begira
Norbait ba al da hor?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu