Nork du abantaila? Etxean ariko da Osasuna, baina 0-0ekoa ez den beste edozein berdinketak Hanburgo sailkatuko luke

2006ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Etxean ariko da Osasuna, baina 0-0ekoa ez denbeste edozein berdinketak Hanburgo sailkatuko lukeASIER LEGARDA-EREÑO

Iruñea

Joaneko partidan 0-0 berdindu ostean, Osasunako jokalariak irribarretsu agertu ziren aldageletan. Adierazpen baikorregirik ez zuten egin -zelaian hitz egin behar dela badakite-, baina lana ondo egin dutelako patxada nabari zen euren aurpegietan. Kanporaketa Iruñean erabakitzea zen gorritxoen helburua, eta hori behintzat lortu zuten. Thomas Dollek, Hanburgoko entrenatzaileak, partida osteko prentsaurrekoan hitza hartu orduko, ordea, 0-0ekoa Hanburgorentzat emaitza txarra ez zela nabarmendu zuen. Itzulerako lehian aurkariaz gain 20.000 zaleren presioa gainditu beharko dutela bazekien Dollek, baina, era berean, gol bat dartzen duten unetik berdinketa orok Hanburgori Txapeldunen Ligarako txartela ematen diola ere bazekien entrenatzaile alemaniarrak. Norena da abantaila? Etxean jokatzen duenarena ala kanporaketa gainditzeko irabaztea derrigorrezkoa ez duen taldearena?

Kuko Zigandaren ustez, «Osasunak abantaila txikitxo bat badauka: etxean jokatzea». Hala eta guztiz ere, «Hanburgori begirune itzela» diola gogoratu zuen behin eta berriz Osasunako entrenatzaileak. Zaleen babesa erabakigarria izan daitekeela ere esan zuen Zigandak, nolanahi ere. Hori bai, emaitza gehiagok balio diote Hanburgori Osasunari baino: gorritxoei garaipenak soilik balio die (0-0ekoa errepikatzeak penaltietaraino iristea soilik ziurtatzen du). Berdinketa bakar batek ez du kalean uzten Hanburgo, eta 0-0ekoak izan ezik, beste berdinketa guztiek kanporatu egingo lukete Osasuna.

ANTZEKO HAMAIKAKOAK. Bi entrenatzaileetako inork ez du gaur partidarako aukeratutako hasierako hamaikakoa jakinarazi, baina joanekoan Hanburgon aritutako hamaikakoekin alderatuz gero, aldaketa asko izango denik ez dirudi. Osasunan ez behintzat. Azken egunetan, AOL Arenan hasieratik zelairatutako hamaika gizonekin probak egiten jardun du Zigandak. Min hartutako jokalaririk ez dago, eta atzo eskainitako deialdiko berritasun nagusia Pierre Webo izan zen.

Kamerundarrak erabat gainditu du udan jasandako malaria, eta Bernardo Romeok ere lanerako grina eta jarrera onak dituen arren, Zigandak Weboren abiadura eta indarra beharrezkoagoak ikusten ditu Romeoren taldea izandakoa mendean hartzen ahalegintzeko. Ez da hasieratik ariko, baina aurrealdea pizteko aldaketaren bat behar bada, Webo prest izango da. Iragan denboraldiarekin alderatuta, Soldado eta Monreal dira gorritxoen hamaikakoan berri bakarrak. Nekounam irandarra aulkian geratuko da hasieran, eta sasoi honetarako fitxatutako beste bi jokalariak deialditik at utzi zituen atzo Zigandak: Juanlu eta Hector Font.

Bestalde, Hanburgok ere ez du aldaketa askorik egingo. Aste honetan Chelsea aberatsak ostutako Bouhlarouz erdiko atzelaria ez zen aritu joanekoan, berotze ariketak egiten ari zela min hartu baitzuen. Atouba ezker hegaleko kamerundarra min hartuta zegoen orduan ere, orain bezalaxe, eta zalantza bakarra Vincent Kompany atzelariarena da. Belgikako atzelaria, Hanburgok udan garestien fitxatutako jokalaria (8 milioi euro ordaindu zizkion Anderletchi), taldeko izarretako bat da. Iragan astean bere selekzioarekin partida bat jokatzen ari zela min hartu zuen, ordea, eta ez dago garbi jokatu ahal izango duen. Ezker hegalean aritutako Demel jokalariak hartuko du haren tokia, osatzen ez bada. Baina horrek atzealdearen ezker hegala ere aldatzera behartuko du Doll. Zelai erditik aurrera aldaketa askorik ez da izango: De Jong, Jarolim, Van der Vaart, Trochowski, Guerrero eta Sanogo hasieratik ariko dira, ia seguru.

Halere, AOL Arenan jokatutako lehiarekin antz gutxi izango du Nafarroako Erresumakoak. Osasunak defentsa soilik izan zuen buruan han. Kontraeraso arriskutsuak gauzatu ahal izan zituzten, eta geldikako jokaldietan ere behin baino gehiagotan hartu zituzten ezustean alemaniarrak. Baina lehentasuna golik ez jasotzea zen. Horrek gaur ez du balio.

Entrenatzaileen iritzia

«Burua hotz eduki beharko genuke,giroan pentsatu gabe»

KUKO ZIGANDAOSASUNAKO ENTRENATZAILEA«Taldea lasai dago, kontzentratuta. Ia irabazita dagoela dirudi kanpotik, baina hori sentitzean erlaxatzeko arriskua dago. Burua hotz eduki beharko genuke, giroan pentsatu gabe. Ekimena hartzen saiatuko gara, aurkaria baino aurrerago jokatzen. Zaleen laguntza oso garrantzitsua izango da».

«Ez gara Nafarroako Erresuma zelaiko giroaren beldur»

THOMAS DOLLHanburgoko entrenatzailea«Ez gara giroaren beldur.Horretarako entrenatu gara. Aurreko denboraldian etxetik kanpo Bundesligako laugarren taldea izan ginela erakutsiko dugu. Ezerk ez du gure jokoan eragingo. Izan ere, gure jokalariek eskarmentu handia dute. Halere, kanporaketa parean dagoela esango nuke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.