Bazen garaia. Lau hilabete igaro dira ACB Liga hasi zenetik, eta denboraldiko lehen txapel garrantzitsua, Superkoparen baimenarekin, jokoan egongo da. Aspaldi jakin zen zein talde neurtuko diren elkarren artean, eta tarte horretan hamaika gauza aztertzeko aukera izan badute ere, gaurtik aurrera erakutsi beharko dute zer egiteko prest dauden Kopa jasotzeko.
Aurreko aldietan ez bezala faborito argia du gaur hasiko den txapelketak. Ohiko orekaren barruan Unicajaren sasoi ona da adierazgarriena, eta Kopako madarikazioarekin bukatzeko aukera du. Iazko ekitaldian, Zaragozan, txapela irabazi ondoren, bigarrengoz jantzi dezake Madrilen, eta hori ez da inoiz gertatu orain arte. Dena den, jakina da Koparen txapelketa ereduak ezustekoetarako tarte handia uzten duela, eta zortzi taldeetako edozeinek irabaz dezake, oreka baita nagusi kanporaketa guztietan. Hauxe da lau kanporaketen azterketa.
- AKASVAYU-PAMESA: Egiteko gai diren jokorik onena erakutsi gabe heldu dira bi taldeak Madrilera. Ondo egituratutako taldeak diren arren, oraindik konfiantza behar dute euren onena eman ahal izateko. Kopan maila ona erakustea izan daiteke gora egiteko biderik zuzenena. Bi taldeetatik finalerdietara heltzen dena arriskutsua izango da oso.
Talderen bat faboritotzat jo behar izanez gero Akasvayu izan daiteke aukeratua. Poliki-poliki erritmoa hartzen ari da, baina oraindiktxapelketa batean zer egin dezakeen erakutsi behar du. Alegia, taldea osatzeko gastatu duten dirutzak zerbaitetarako balio duen. Aurrez aurre eskarmentu eta talde itxura handiagoa duen beste talde bat izango du Akasvayuk. Ricard Casasen gidaritzapean, Pamesa talde sendoa lortzear dago. Udan fitxaketak zentzuz egin zituzten, baina lesioekin arazoak izan dituzte. Avdalovic eskoltaren parte-hartzea, besteak beste, zalantzakoa da gaur.
- UNICAJA-GRAN CANARIA: Hasiera batean faborito nagusiaren eta talde ahulenaren arteko kanporaketa dela pentsa daiteke, baina hori egitea akats handia izango litzateke. Gran CanariakKopa oso gustuko duela erakutsi du azken bi urteetan, eta aurtengo aldian final-laurdenak gainditu nahi ditu behingoz. Eskarmentu handiko taldea du, eta Kopak eskatzen duen jarrerabarneratua dute Madrilera bidaiatu aurretik. Lehen egunean jokatuko dute, gainera, eta horrek mesede egingo dio Salva Maldonadok zuzentzen duen taldeari. Ezustekoak askoz errazago gertatzen dira lehen egunean bigarrenean baino.
Unicajak, bitartean, 12 partida irabazi ditu jarraian. ACBko sailkapenaren bigarren postuan dago eta lehen aldiz Euroligako Top 16an sartu ondoren helduko da Madrilera. Konfiantza handia du une honetan Malagako taldeak, eta joko aldetik une bikaina bizi du. Hori guztia, ordea, kantxa gainena erakutsi behar du, eta gaur du lehen azterketa.
- TAU-JOVENTUT: Pizgarri asko dituen partida da. ACBko azken partidan Tau aise nagusitu zen arren, Aito Garcia Renesesek ondo baino hobeto daki nola prestatu behar duen Kopa. Joventutek orain dela hainbat urte jokatu zituen finalak errepikatu nahi ditu berriro ere, eta Madrilen izango dute lehen aukera. Kopako talderik gazteena du Joventutek, eta Elmer Bennetten gidaritzapean Kopa jasotzeko aukera asko dute. Lesioek, ordea, Baskoniako jokalari ohiaren maila baldintzatu dute nabarmen denboraldi hasieratik. Rudy Fernandezi dagokio lekukoa hartu eta taldea gidatzeko ardura, eta hori egiten hasteko toki aproposa izan daiteke Kopa.
Baskoniak, bere aldetik, txapel bat jokoan dagoenean zein aurpegi erakutsiko duen argitu beharko du Madrilen: etxeko gogortasuna edo etxetik kanpoko jarraikortasun falta. Jokalari guztiak sasoi onean daude, eta Perasovicek teknikari moduan lehen parte-hartzea duen arren, irabazteko gai dela frogatzen saiatuko da.
- BARTZELONA-REAL MADRIL: ACB Ligako historiako bi talde handienen arteko neurketa kanporaketa guztien artean gatz gutxien duena izan daiteke. Bartzelonak kanpoko lerro ikusgarria du, baina herren samar dabiltza saskipean. Marconatok eta Kakiouzisek bakarrik egiten dute min apur bat. Real Madrilek, bitartean, hamaika traba gainditu beharko ditu Bartzelona mendean hartu ahal izateko.
Azpimarratzeko modukoa da Real Madrilek etxeko taldea delako jokatuko duela Kopa. Alegia, gonbidapenari esker arituko dela, ez kantxan saria irabazi duelako. Bullock antolatzailea ere hilabete batzuetarako galdu du, eta azken asteetan egindako fitxaketek zer egin dezaketen erakutsi behar dute oraindik. Etxean jokatzea, ordea, lagungarria gerta dakioke Maljkovici eta bere jokalariei. Ivanovic, bitartean, jokoa defentsan oinarritzen saiatuko da. Real Madrilek baino jokalari sorta zabalagoa du, eta hori ere erabakigarria izan daiteke.
Nork jasoko ote du?
Lau eguneko lasterketa hasiko dute gaur zortzi taldeek, baina bakar batek jantziko du denboraldiko lehen txapel handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu