Osasun egoerak hobera egin ahala, normaltasunera bueltatzen ari da kirol lehia. Iaz, koronabirusaren pandemiak lehenbizi eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkak ondoren, hankaz gora jarri zuten esku pilota profesionalaren egutegia. Ezohikoa izan zen erabat, eta hiru txapelketa nagusiei eragin zien bete-betean. Horren ondorioz, Eskuz Pilotako Enpresen Liga (EPEL) aspaldiko ordena aldatu beharrean izan zen: lehenbizi, urrian, 2019-2020ko binakakoaren finalerdietako ligaxkako azken bi partidak jokatu zituzten; jarraian, buruz burukoa, azaroan hasi eta bukatu; ondoren, binakakoaren finala; segidan, lau eta erdikoa, abenduan hasi eta bukatu; eta azkenik, urtarriletik maiatzera 2020-2021eko binakakoa.
EPELek helburu zehatza jarria zion bere buruari: osasun egoerak aukera emanez gero, pixkanaka-pixkanaka pilotaren jarduna ohiko datetara bueltatzea. Eta asmo horretan lehen urratsa da, iraganean bezala, lau eta erdikoa izatea denboraldiko aurreneko txapelketa nagusia. Nahi eta egin. Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Miribilla pilotalekuan. Hasi, berriz, ostiralean hasiko da, Mallabian (Bizkaia), eta bukatu, azaroaren 14an, Bilbon. Egun horretan jokatuko da finala.
Pilotaren jarduna normaltasunera itzultzen ari den beste seinale bat da aurtengo lau eta erdikoa ez dela jokatuko hasi eta buka, etenik gabe, hilabete eskasean. Iaz halaxe egin zen. Aurten, ordea, sei asteburutan luzatuko da: batetik, final-laurdenetan ligaxka jokatuko baita; eta bestetik, finalerdien eta finalaren artean hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko baita. Beraz, finalera ailegatzen diren bi pilotariek bi asteko epea izango dute azken partida hori prestatzeko. Ez da atzerapenik onartuko, eta bi finalistetako batek min hartuz gero, hirugarren sailkatuak ordezkatuko luke. Hain zuzen, horixe gertatu zen azken buruz burukoan: Iñaki Artolak min hartu zuen Beñat Rezustaren aurka, finalerdietan, eta uko egin zion finala jokatzeari. Atzelari bergararra aritu zen haren ordez finalean, Jokin Altunaren kontra.
Bada beste aldaketa oso garrantzitsu bat. Azkeneko hiru txapelketa nagusiak ikuslerik gabe jokatu ziren, baina osasun egoerak hobera egin eta neurriak arindu direnez, ikusleak egongo dira pilotalekuetako harmailetan: gaur-gaurkoz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienez %75eko edukiera bete daiteke. Nafarroan, berriz, ez da mugarik egongo ostiraletik aurrera, bertako Gobernuak bertan behera utzi baitu neurri murriztaile guztiak.
Pilotari kopurua, berriz, azken lau eta erdikoaren berbera izango da: hamabi, enpresa bakoitzetik sei. Hiru aldaketa bakarrik daude azken ekitaldiarekin alderatuta: Unai Lasok, Victor Estebanek eta Aitor Elordik jokatuko dute, Iker Irribarriaren, Axier Arteagaren eta Iraitz Zubizarretaren ordez.
Ostiral gauean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Mallabian: Elordik etxean egingo du debuta maila nagusiko txapelketa batean, eta Artola izango du aurkari. Larunbatean, berriz, Laso eta Jon Ander Peña ariko dira Donostian. Igandean, Lekeition (Bizkaia), Mikel Urrutikoetxeak eta Victorrek neurtuko dituzte indarrak. Eta, azkenik, astelehenean, Tolosan (Gipuzkoa), Peio Etxeberria eta Danel Elezkano izango dira aurrez aurre. Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Elordi-Artola eta Peio Etxeberria-Elezkano II.a partidetako garaileek Altuna III.a eta Oinatz Bengoetxea izango dituzte aurkari hiru jardunaldiko ligaxkan; Urrutikoetxea-Victor eta Laso-Peña III.a neurketakoek, berriz, Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia. Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: aurreneko multzoko lehenak bigarren multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren adarreko lehenak beste adarreko bigarrenaren kontra. Urriaren 30ean eta 31n jokatuko dituzte finalerdiak.