Normaltasunera itzuli behar

Osasuna azken lehietako nahigabeak ahazten saiatuko da gaur Sadarren, Getaferen aurka. Nafarrek aukera dute ligako hiru garaipen kateatzeko etxean; Getafek neurria hartua die, ordea. Kopan neke handia hartu zutenez, taldea freskatu egingo du Arrasatek.

(ID_13467996) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-01-04, Iruñea. Futbola
Osasunako Jose Arnaiz, Almeriako jokalari bat atzean utzi nahirik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

Errealitatea bere gordinean agertu zaio Osasunari. Ematen zuen beste dimentsio batean sar zitekeela, iaz arrakastaz arrakasta ibili ondoren. Alabaina, ilusioak zapuztu egin zaizkio denboraldi honetan. Lehenik, kale egin zuen Konferentzia ligako atariko kanporaketan. Kolpe oso mingarria izan zen. Eta orain, aste bakarrean, ihes egin die Superkopa irabazi eta Kopan berriz ere urrun iristeko ametsak. Ezohiko erronkarik gabe gelditu da Nafarroako taldea. Ligan salbatzea izango da, hemendik aurrera, Nafarroako taldearen helburu bakarra. Eta, horri dagokionez, neurketa garrantzitsua jokatuko du gaur Sadarren, Getaferen aurka.

Bi taldeak sailkapenaren eremu epelean daude. 26 puntu ditu Getafek, eta lau gutxiago Osasunak. Azpikoekin duten aldea handitzen eta ahal dela sailkapenean koska batzuk igotzen saiatu behar dute gorritxoek, oraintxe goibel egon arren. Behintzat, tristura errazago jasango dute Sadarren babesean jokatuta. Era berean, azken bi partidek eragindako amorrazioa beren onerako erabiltzen saiatuko dira. Emaitzek baino gehiago, epaileen erabakiek sumindu dituzte. Jagoba Arrasate bera ere oso kexu agertu da. Ernegazioak akuilu gisa balio badie, gaitz erdi. Etsipenari, ordea, izkin egin behar diote kosta ahala kosta. Emozioen kudeaketak berebiziko garrantzia izango du gaur. Arrasate argi mintzatu zen atzoko prentsaurrekoan: «Amorrua energia bilakatu behar dugu. Bigarren itzuli hobea egin nahi dugu, eta Getaferen aurka daukagu horretarako lehen aukera. Aurkari gogorra da, eta puntuek adierazten duten baino denboraldi hobea egiten ari da».

Nafarrek alde onari begiratu behar diote: oso estu hartu dituzte Bartzelona eta Reala azken bi neurketetan, eta, ligari dagokionez, bi aldiz jarraian gailendu dira Sadarren: 1-0 Rayoren eta Almeriaren aurka. Gainera, bertan azaro hasieran galdu zuten azkenekoz, Gironaren kontra (2-4). Etxeko sendotasunari eutsi nahi diote, eta azken neurketetako bristadei ere bai. Hots, ondo jokatuz irabaztea da helburua. Aspaldi honetan ez da garaipen distiratsurik ikusi Sadarren.

Dena den, irabazte hutsarekin konforme leudeke gaur gorritxoak. Izan ere, Lehen Mailara itzuli zirenetik Getafe ez dute behin ere menderatu. Bederatzi neurketa jokatu dituzte espainiarren aurka 2019tik hona, eta horietatik bost galdu egin dituzte, eta lau berdindu. Gainera, oso gol gutxi sartu dituzte: lau besterik ez, hiru partidatan banatuta. Beste sei norgehiagokak golik sartu gabe bukatu dituzte. Talkaz jositako lehiak izan dira, jokalariei eta zaleei buruko mina eragiteko modukoak.

Aldaketak lerro guztietan

Bederen, golak izan ziren sasoi honen hasieran jokatu zuten partidan. Bi sartu zituen Osasunak, eta halere, punturik gabe itzuli zen etxera; Getafek hiru aldiz zulatu zion atea, buruz. Gaurko partidari begira, nahitaezkoa izango da erdiraketak hobe defendatzea. Alde horretatik, sendoago agertu dira nafarrak azken partidetan. Baliteke erdiko hiru atzelari erabili izanak zerikusia izatea horrekin, baina ezin da baztertu Arrasate lau atzelariko lerrora itzultzea gaur, erasoan jokalari bat gehiago ipini ahal izateko.  

Hamaikakoa azalberritu egingo du ziurrenik Osasunako teknikariak. Realaren kontra akituta bukatu zuten gorritxoek, azken ordu erdia hamar jokalarirekin jokatu baitzuten. Jo eta ke aritu ziren berdinketaren bila, eta, gaur, Getaferi irabazteko, txandakatzeak egitea da zentzuzkoena. Lerro guztietan espero dira aldaketak. Hasteko, ia ziurra da Sergio Herrera ariko dela atepean; defentsan, Ruben Peñak aukera du ezker hegaletik aritzeko. Iker Muñozek eta Moi Gomezek ez zuten jokatu asteazkenean, eta baliteke zelai-erdia indartzea gaur. Ruben Garcia ere titularren artean egon liteke. Budimirrek mailatuta bukatu zuen derbia, baina ez dirudi Arrasatek aulkian utziko duenik, taldeko golegile nagusia baita.

OSASUNA-GETAFE

Osasuna. Sergio Herrera; Areso, David Garcia, Catena, Ruben Peña; Iker Muñoz, Moi Gomez, Aimar Oroz; Arnaiz, Budimir eta Ruben Garcia.

Getafe. Soria; Iglesias, Djene, Gaston, Diego Rico; Greenwood, Luis Milla, Maksimovic, Aleña; Mayoral eta Enes Unal.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Sadar (23.516).

Ordua. 14:00 (Movistar LaLiga).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.