Norvegia da faboritoa gaur, Munduko Txapelketako finalean

Frantziak ezustea eman zuen final-laurdenetan Errusia kanporatuta, eta gaur beste horrenbeste egin nahi du (20:15)

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Frantziak eta Norvegiak Munduko Eskubaloi Txapelketako finala jokatuko dute gaur 20:15ean, Sao Paulon (Brasil). Finalak faborito bat du, Norvegia. Europako eta olinpiar txapelduna da Brasilen titulua irabazteko bi hautagai nagusien artean lehian jarraitzen duen bakarra. Errusia zen bestea, baina azken hiru ekitaldietan txapeldun izandakoak final-laurdenetan esan zuen agur, Frantziaren aurka galduta. Norvegiarrak, beraz, ezin dira deskuidatu, badakite aurrean izango duten taldea edonori irabazteko moduan dela.

Bi finalistak bere estiloari leial izanda saiatuko dira titulua irabazten —bientzat bigarrena litzateke—. Frantziak joko pausatuaren alde egingo du. Norvegiak, ordea, bizi-bizi jokatu nahiko du. Horrela iritsi dira biak finalera. Frantziarrek partida bakarra galdu dute, ligaxkan, Brasilen aurka. Norvegia ere behin bakarrik atera da galtzaile Brasilen, txapelketako estreinako partidan, hain zuzen ere, Alemaniaren aurka. Gaur irabazten duenak ere beste sari bat izango du: 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan jokatzeko aukera.

Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute Danimarkak eta Espainiak (17:30). Espainian ariko dira Brasilen dauden sei euskal jokalariak: Nerea Pena, Andrea Barno, Nely Carla, Patricia Elorza eta Eli eta Patri Pinedo. Espainiarren aulkian ere izango da euskal herritarrik: Jorge Dueñas bilbotarra, hautatzaile lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.