Ausardiaren eguna izan zen. Asko pentsatu gabe aurrera jotzeko etapa izan zen atzokoa. Atzera begiratu gabe norberaren buruan fedea izatearena eta patuari desafioa botatzearena. Hala egin zuten Ruben Perezek (Euskaltel), Sestrieren gora, eta Alberto Contadorrek (Saxo Bank), Pramartinoko jaitsiera arriskutsuan, baita Edwald Boasson Haagenek (Sky) ere bere burua berriz ere etapa irabazteko moduan ikusi zuenean, nahiz eta herenegungo ihesaldian sartu eta indar asko xahutu. Lehen biek ezer gutxi lortu zuten, ondo merezitako txaloak baino ez. Norvegiar gazteak, berriz, besoak altxatu zituen Pineroloko helmugara bakarrik iritsi zenean (Italia); Pramartinon, eguneko azken mendatean, indartsu aurrera egin ondoren.
Txirrindularitza adituen denboraren makina aurreratu du Boasson Hagenek. Etorkizuneko klasikozaletzat jotzen dute, Thor Hushvod (Garmin), Tom Boonen (Quick Step) eta Fabian Cancellararen (Leopard ) oinordeko. 24 urte ditu, baina ez du itxaron nahi, eta Tourrean erakutsi du bere garaia oraina dela. Seigarren etapa euripean irabazi zuen, esprintean; herenegun Hushvod eta Hesjedalen (Garmin) talde lanak kendu zioten garaipena, eta 24 ordu eskas geroago atera zuen arantza. Erkide, eta bide batez maisu, beteranoak beste bi etapa irabazi ditu, eta bien artean itzulia Norvegiako Tourra bilakatu dute.
Ihesaldirako etapa aproposa zen atzokoa. Hasiera malkartsua, Sestriereko igoera eta ia 60 kilometroko jaitsiera helmugaraino, Pramartinoko gaineko —helmugatik 15 kilometrotara— sei kilometroko igoera izan ezik. Boasson Hagenek irabazi zuen, baina eguneko heroia Ruben Perez izan zen. Zaldibarko txirrindulariak adorea soberan duela erakusten ari da Frantziako errepideetan, eta atzo, berriz ere, eguneko ihesaldian sartu zen. Hamalauko multzoa osatu zen, eta irabazlea, Sylvain Chavanel (La Francaise) edo Sandy Casar (Ag2r) bezalako bidaide arriskutsuak izan arren, Perezek aurrera bakarka egin zuen.
Sestrieren jo zuen erasoa, eta bakarrik igaro zuen mendate gaina. Minutu batetik gorako aldea lortu zuen, eta beherako bidean handitu egin zuen. Itsu-itsuan jaitsi zen, sasi-ordekan indarra xahutuz, eta garesti ordaindu zuen. Atzokoa Tourreko zazpigarren ihesaldi ahalegina zuen, egungoak, baina, erromantikoentzat bezala, ez dira garai onak gerrillarientzat. Pramartinoko lehen maldetan minutu batetik beherako aldea zuen, eta gorako bidean bere ihesaldi kideek harrapatu egin zuten. Eguneko lehiakortasunaren saria jaso zuen, baina zerbait gehiago merezi du.
Perezen ametsa Sylvain Chavanelek zapuztu zuen, eta haren erritmo aldaketari erantzun zion Boasson Haagenek. Txirrindulari sailkaezina da, baina bi dira haren bertute handiak: sena eta indarra. Helmugarako 11 kilometro falta zirela egin zuen aurrera, mendate gainerako hiru kilometrotara. Zuhaitzen itzaletara tartea irekiz joan zen, baita jaitsiera arriskutsuan ere. Jonathan Hivert (Sojasun) eta Bauke Mullema (Rabobank) saiatu ziren irabazlea ehizatzen, baina bihurgune estuek ahalegina zapuztu zuten.
Voecklerren izua
Tropelak bat eginda igo zuen Sestriere, eta herenegungo zalapartaren ondoren sailkapeneko oilarren artean egun bateko su-etena egongo zela zirudien. Pramartinon ere ez zen erraza tartea irekitzea, halere, Contador saiatu zen erritmo aldaketekin. Ordurako, baina, iheslariek jaitsiera hasia zuten, eta taldeetako zuzendariek ikusi zuten arriskutsua zela. Hivert, esaterako, sastraketara erori zen lehenbizi, eta bihurgune batean zegoen etxe bateko garajeko atarian sartu gero.
Schlecktarrak maldan behera ondo konpontzen ez direla jakinda, Contadorrek eta Samuel Sanchezek erasoa jo zuten beherantz. Aurkarien ausardia neurtu nahi zuten, eta errepide higatuko bihurgune itxietan zein puntura arte arriskatzeko gai ziren ikusi. Bi espainiarrek elkarrekin egin zuten lan, eta ireki zuten tartea, baina bukaerako ordekan Schlecktarrek eta Cadel Evansek (BMC) tartea jan zieten, eta faborito ia guztiak batera iritsi ziren.
Denbora galdu zuena Thomas Voeckler liderra izan zen, 27 segundo. Jaitsieran bi susto izan zituen, eta Hivertek bisitaturiko etxe berdineko atarian sartu zen. Zorionez, jabeak atea irekita utzi zuen atzo. Hor bukatu zen Voecklerren sua, eta azken kilometroak beste faboritoak urrun ikusten egin zituen. Denak ez, Ivan Basso (Liquigas) berarekin iritsi baitzen, maldan behera oso trebea ez den beste bat. Gaur zalapartak jarraituko du, Alpeetan.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Norvegiako Tourra
Boasson Hagenek eguneko ihesaldia indartsu utzi du atzean Pramartinoko igoeran, eta nagusitasunez irabazi du bere bigarren etapaContadorrek erasoa jo du azken jaitsieran, eta Voecklerrek 27 segundo galdu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu