BERRIA TXAPELKETA

Oberenak ez du nahi azkena izatea

Iruñeko klubak bigarrenez irabazi du txapela, finalean Ultzamako Buruzgaini nagusituta. Josu Irurita Oberenako kirol zuzendariak eskatu du txapelketa antolatzen jarrai dezatela: «Guretzat, txapelketarik politena da».

Berria Txapelketako txapeldunak, txapeldunordeak, antolatzaileak eta ordezkariak, finala amaitu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 26a
15:57
Entzun

Oberena Iruñeko Pilota Klubak bigarrenez idatzi du haren izena Berria Txapelketaren garaipen zerrendan. 2019an egin zuen lehen aldiz, finalean Tolosari irabazita, eta, igandean, bigarrenez, Buruzgain Ultzamako (Nafarroa) kluba mendean hartuta. 2-1 nagusitu zen finalean, Hernanin (Gipuzkoa). «Finala jokatzeko itxaropena genuen, baita gogoa ere, azken ekitaldian finalerdietan galdu baikenuen. Eta jokatu ez ezik, irabazi ere egin dugu. Urte osoko lanak saria izan du. Oso pozik gaude», esan du Josu Irurita Oberenako kirol zuzendariak.

Bete egin ziren iragarpenak, Oberena baitzen faborito. Finalaren nondik norakoa ere espero zena izan zen. Buruzgainek irabazi zuen lehen partida, kadete mailakoa: Aldaz eta Martikorena 22-13 nagusitu zitzaizkien Rekalderi eta Olzari. «Oso partida borrokatua izan zen, baina azken txanpan, gure bikoteak akats batzuk egin zituen, eta garaipenak ihes egin zigun. Gure pilotariek ondo jokatu zuten, baina Buruzgainekoak sendoago aritu ziren».

Jarraian, Oberena gailendu zen bigarren neurketan, gazte mailakoan: Sarasibarrek eta Santestebanek 22-7 hartu zituzten mendean Barberena eta Garaño. «Gure pilotariek berriro erakutsi zuten sasoi betean daudela: Endikak [Santesteban] asko eman zion pilotari, eta Andoni [Sarasibar] oso ondo aritu zen aurrean».

Hala, aurreikusi bezala, nagusien arteko neurketa izan zen erabakigarria. Eta, horretan, Canabalek eta Aldabek ez zuten huts egin. Bikain moldatzen dira elkarrekin, eta oso bikote indartsua osatzen dute. Horren erakusle da aspaldi ez dutela partida bat galdu. Eta garaipen bolada eder horri segida eman zioten atzo: 22-10 irabazi zieten Iriarteri eta Olideni. «Emaitzak dioen baino partida gogorragoa izan zen. Hamarna egon ziren berdinduta, baina bigarren zatian haiek behera egin zuten, eta gureek ondo aprobetxatu zuten: sekulako bikotea dira Canabal eta Aldabe».

Bolada onari eutsi nahian

Berezia izan daiteke aurtengo txapela, litekeena baita gehiago ez jokatzea Berria Txapelketa. 2004an hasi zen jokatzen, eta hemezortzi ekitaldi jokatu dira. Baina Rufino Rekalde antolatzaileak erretiroa hartuko du, eta ikusteko dago inork lekukoa hartuko dion. Iruritak eskatu du haria ez etetea: «Oso eskertuta gaude txapelketa hau antolatu dutenei. Guretzat, txapelketarik garrantzitsuena eta politena da. Lehiaketa sistema oso erakargarria da: kadete, gazte eta nagusien mailako pilotariek jokatzen dute, eta haien artean oso giro polita sortzen da. Oso aproposa da talde espiritua indartzeko. Oso gustura jokatzen dugu. Ea norbaitek antolatzen duen berriro».

Oberenak lerroburu dezente bete ditu azken egunetan: Berria Txapelketa irabazi du, Nafarroako Herriartekoaren finalerako sailkatu da, eta klubeko pilotari ohi batek debuta egin du profesionaletan, Asperekin: Unai Mata Iruñeko aurrelariak. «Gauzak ondo egiten ari garen seinale da. Ea bolada onari eusten diogun. Lanean ari gara hala izan dadin».

75 lizentzia inguru dituzte. «Pozik» dago, baina baita «kezkatuta» ere, kopurua txikitzen ari baita. «Zerbait orokorra da. Zaila da , adibidez, futbolari aurre egitea. Baina saiatzen ari gara pilotak gora egin dezan». Ez du zalantzarik; hark animatuko egingo luke jendea pilotan aritzera, eta, zehazki, Oberenara biltzera. «Oso lan ona egiten dugu maila guztietan, eta oso giro ona dago; pilotariak gozatzen ikusten ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.