Frantziako Tourra

O'Connorrek irabazi du Alpeetako etapa latz batean

Tadej Pogacarren beste minutu erdi atera die jarraitzaileei, eta are seguruago jantzi du berriz elastiko horia.

O'Connor helmugara heltzen. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE
2021eko uztailaren 4a
18:53
Entzun

Euria eta hotza izan dira gaurko Frantziako Tourreko etapako protagonistak. Bakarrik heldu da helmugara Ben O'Connor australiarra, Ag2r Citroen taldekoa, eta Tadej Pogacar esloveniarrak (UAE Emirates) beste minutu erdiko abantaila lortu du.

Latza izan da etapa txirrindulari guztientzat, baina talde handi batek ihes egin du, eta horietako azkarrena O'Connor izan da. Alpeetako etapa nagusia zen gaurkoa, ia 145 kilometrokoa. O'Connorren lehenengo Tourra da gainera, eta, etapa irabazteaz landa, bigarren postua lortu du sailkapenean.

Tignesera bakarrik igo da, eta gaurko bigarrena, Mattia Cattaneo italiarra (Deceuninck), 5,07 minutura utzi du.

Ez da O'Connoren lehenengo garaipen handia, ordea. Iazko Giroan, mendiko etapa irabazi zuen, Madonna de
Campiglion.

Baina etapako bigarren protagonista nagusia Pogacar liderra izan da. Helmugarako lau kilometro falta zirenean, denak atzean utzi, eta, gainera, minutu erdia atera die jarraitzaile nagusiei.

Etengabeko euria eta haizea pairatu dute txirrindulariek.

Lehenengo mendatean apurtu da pelotoia. Nairo Quintana kolonbiarrak erasoa jo du gailurretik hiru kilometrora, eta bakarrik sartu da. Izan ere, lasterketa irabazteko aukerarik gabe dago, eta ahaleginak eta bi egin ditu gutxienez mendiko irabazlea izateko. Ondoren harrapatu dute Higuitak eta O'Connorrek. Une horretan, australiarra Tourraren buru izan da, paperaren gainean, behintzat, Pogacar eta besteak handik zortzi minutura heldu direlako gailurrera.

Beraz, bi kolonbiar eta Australiar bat elkartu dira Tigneseko 21 kilometroko igoerari ekiteko. O'Connorrek berehala ikusi du irabazteko aukera, eta hainbat saio egin ditu besteen indarrak neurtzeko. Azkenean, 17 kilometro faltan, gogor jo dio erasoari, eta kolonbiarrak saiatu ere ez dira egin hari jarraitzen.

Perth ingurukoa da txirrindularia, eta Europara heldu zen 22 urterekin «benetako» mendien bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.