Caja Laboral Baskonia. Prigioni (3), Reggie Williams (4), N. Bjelica (2), Teletovic (20) eta Seraphin (15) -hasierako bostekoa-; Ribas (9), M. Bjelica (6), Heurtel (5), Oleson (2), Dorsey eta San Emeterio (15).
Olympiakos. Katsivelis, Spanoulis (19), Keselj (10), Antic (14) eta Papadopoulos (6) -hasierako bostekoa-; Printezis (4), Mantzaris, Hines (14), Lucas (5), Papanikolau eta Gecevicius (7).
Markagailua. 13-22, 32-40 (atsedenaldian); 60-66 eta 81-79.
Epaileak. Ziemblicki, Lottermoser eta Jasevicius.
Bestelakoak. Sarrera ona Iradier Arenan
Winston Churchillek Bigarren Mundu Gerran esan zuenean baino dramatismo gutxiagorekin, jakina, baina a ze sufrimendua! Oso kostata lortu zuen Euroligako hirugarren garaipena Baskoniak, baina poltsikoan dauka dagoeneko, eta gaitz erdi. Top 16rako bidea txukun darama, eta erabat aldatu beharko luke panoramak gasteiztarrak bigarren fase horretatik kanpo geratzeko. Txaloak arabarren sufritzeko gaitasunari, inoiz ez belaunikatzeko kemenari, fedeari, eta tarteka hain eraginkorra den joko hori bilatzeko daukaten borondate hautsiezinari.
Eta txaloak Olympiakosi. Ardi larruz jantzita etorri zen Gasteizera, zer eginik ez zuelakoan, eta garaipena lortzear egon zen. Merezimenduak, egin, egin zituen. Hankapean ibili baitzuen Baskonia lehen zatian. Arabarren jarrera epelagatik, gehienetan, baina jokalari onak dituztelako ere bai. Spanoulis, adibidez. Jokalari bikaina da, eta saskiratzeaz gain, lemazain jardunean ere ez da herrena. Zazpi asistentzia eman zituen eta Heurtel, Prigioni, Oleson eta Pau Ribas erotu zituen. Ez zen ondo jokatu zuen bakarra izan. Papadopoulosek aspaldi ikusi gabeko oin dantza egin zuen saskipean, eta Seraphin eta Dorsey nahastu. Keseljek bi hiruko sartu zituen segidan, eta Geceviciusek ere asmatu egin zuen une kritikoetan.
Jokalari sorta horrek zenbaki apartak lortu zituen lehen zatian, Baskonia lo kantxaratu zela baliatuz. Intentsitaterik ez, Papadopoulosi ondo ulertzen ez ziren defentsa bikoitzak, blokeoa eta jarraipena zaintzeko biderik topatu ezin... Ahazteko moduko hogei minutu egin zituen Baskoniak, eta Pau Ribasen kantxaratzeak bakarrik eman zion arnas pixka bat. 13-22, bederatzi puntuko aldearekin bukatu zuen Greziako taldeak lehen laurdena, eta zortziko aldearekin lan erditan: 32-40. Are argiagoa zen balorazioan zegoen aldea: 25 etxekoentzat, 44 Olympiakosentzat. Hirukoetan trakets ari zen Baskonia, zortzi bota eta bakarra sartu, eta emandako baloietan ere gaizki: bederatzi denera. Greziarrek zortzi saskiratze lortu zituzten lehen erdian saskipean. Erraztasun gehiegi.
Inurri lana
Iradier Arenako Baskoniaren aldagelako paretek hitz egingo balute... Ivanovicen oihuekin gortuta geratzear egon zirela kontatuko lukete. Ez baita gertatzen den lehen aldia. Taldea hotz kantxaratu eta aurkariaren muturrekoa jaso. Bigarren zati hasiera amorratzeko modukoa izan zen, hamabi puntuko zuloa egin baitzuen Olympiakosek: 37-49 eta partida aldats gora oso. Taldean pisu gehien duten jokalarien txanda zen, eta Teletovicek piztu zuen lehen txinparta.
Kapitainak hamabi puntu saskiratu zituen hirugarren laurdenean, eta greziarren kemena itotzen hasi zen. San Emeterio ere berarengan ohikoak diren jokaldiak egiten hasi zen, eta Baskonia hurbiltzen hasi zen pixkanaka. Zortzi puntu, aurrena, sei gero, lau ondoren. Dema berdintzeko aukera izan zuen hirugarren laurden bukaeran, 60-63koarekin, baina ez zuen asmatu. Geceviciusek bai, eta 60-66 bukatu zen hirugarren hamar minutukoa.
Mina egin zezakeen azken segunduko hiruko horrek, baina kemena du soberan Baskoniak. Defentsa zorroztu, eta baloiak berreskuratzen hasi zen. Erasoan Seraphin asmatzen ari zen, baina Olympiakosek ez zuen etsi. Spanolulisek 79nakoa jarri zuen zortzi segundora, baina Prigioni odol beroak biko batekin erabaki zuen segundo bakarraren faltan.
Caja Laboral Baskonia 81. Olympiakos 79
Odola, izerdia eta malkoak
Ikaragarri sufritu du Baskoniak Olympiakos menderatzeko, eta azken segundoan erabaki da partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu