"Batzuetan gutxiago gehiago da; Gasteiz hiri perfektua da berriro saskibaloian jokatzen hasteko berriro, nire buruari galdetzeko zein den Lamar Odom”. Laboral Kutxako azken fitxaketak bere egoeraren berri eman du aurkezpenean, eta taldeari “lidergoa” emateko moduan dagoela zehaztu du.
Sasioari dagokionez jakinarazi du ondo sentitzen dela, eta hobeto egoteko lan egiten ari dela. Scariolok jakinarazi du ez duela datorren asteburuan jokatuko. Ordea, bere onena erakutsi ahal izateko “pazientzia” eskatu du. “Sergiok prest nagoela esaten duenean prest egongo naiz”.
Baskoniarekin fitxatzeko arrazoiak bi direla nabarmendu du. Alde batetik Gasteizko saskibaloi tradizioa nabarmendu du, eta aurretik tradizio handiko hirietan egon dela gogorarazi du. Bestetik, Sergio Scariolo entrenatzaile izatearen garrantzia nabarmendu du. Ordezkariak Laboral Kutxaren interesaren berri eman zionean Pau Gasolekin hitz egin zuela jakinarazi du, eta Scarioloren ezaugarrien berri eman zionean erabaki zuela.
Azkenik gezurtatu ditu Amerikako Estatu Batuetan egotzi dizkioten arazo guztiak. Kantxatik kanpo “gauzak gertarazteko gaitasuna” zuela aitortu du, eta, horren ondorioz, hainbat pertsonek pentsatu zutela “jokoa galdu” zuela.
Aurkezpenak agerian utzi du fitxaketak piztutako ikusmina. “Inoiz ez da horrelakorik gertatu”, laburbildu du prentsa arduradunak. Zenbakidun bi elastikok apaindu dute prensa aretoa. Lepo bete egon den prentsa aretoa. Aurkezpena baino ordu erdi lehenagotik ere hainbat kazetari zeuden zain.