Ofizialtasuna aldarrikatzeko, partida babestea onetsi du ESAITek

Ofizialtasuna alde «zelaian zein kanpoan» urratsak egiteko prest daudelako babestuko dituzte jokalariak

Bilbo
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gizartea ofizialtasunaren bozgorailu izatea. Hori izango da Gabonetako partidan eta abenduan, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) antolatuko dituen ekimenen helburu nagusia. Herenegun zabaldu zuten futbol jokalariek euskal selekzioaren partida jokatzeko erabakia, Euskadiko Futbol Federazioarekin akordiorik egin gabe. Eta ESAITek atzo iragarri zuen hartutako erabakia: futbolariak babestea eta partidan ofizialtasuna aldarrikatzea. ESAITeko kide Egoitz Askasibarren esanetan, apustua zintzoa delako onartu dute enbidoa. «Futbolariak dira inplikatuenak, beren ibilbidea daukate jokoan. Gure lana da babesa ematea jokalarien helburuak lortzeko».

Askasibarrek azaldu zuenez, osotasunean bat egin dute jokalariek egindako adierazpenekin. «Gabonetako partidaren helburu bakarra ekonomikoa da. Bere garaian izena jarri zuten eragozpen, baina jokalariek ere adierazi dute hori ez dela arazoa edo blokeoaren arrazoia».

ESAITen aburuz, arazoa politikoa da. «PPk eta PSOEk bat egin dute euskal izaera zapaldu eta espainiar nortasuna inposatzeko». Gobernuaren akordioei men egiteagatik egoeraren erantzule egin dute Euskadiko Futbol Federazioa (EFF). «Euskal selekzioak lortzea oztopatzen eta euskal izaera ukatzen dutenei alfonbra gorria jartzen ari dira». Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagotzat jo du selekzioen ofizialtasuna eskuratzeko elkarlana bultzatzea, bai kirolariak, bai klubak, bai instituzioak eta bai gizartea bera ere. «Herri oso baten etorkizuna dago jokoan; erronkak merezi du, eta lortuko dugu».

Desadostasunean, ados

Futbol jokalarien arabera, EFFk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolariak bakarrik hautatzen dituenez, ez du Euskal Herria aintzat hartzen. Partida jokatzeko erabakiari «etikoa» iritzi dio Martxel Toledo ESAITeko ordezkariak. «Guk esaten genuena jokalariek berretsi dute». Toledoren ustez, EFFk ez du borondaterik Euskal Herria parametrotzat hartuta ofizialtasunerantz urratsak egiteko. Hori dela eta, hurrengo pausoak futbolariek irekitako bidetik eman behar direla uste du Toledok. «Jokoan ez dago partida bera, nazioartean Euskal Herriak selekzio gisa jokatzea baizik».

Abenduan zer eta nola egin aztertzen ari badira ere, zelaian eta zelaitik kanpo urratsak egiteko prest daudelako babestuko ditu jokalariak ESAITek. «Federazioko buruekin Euskal Herriak etorkizunean ofizialtasuna lortzeko ez du inolako aukerarik». Hargatik azpimarratu dute, selekzio propioa izateko beste egitura politiko baten beharra dagoela.

«Aitzakiek ez dute jada balio». ESAITekoen hitzetan, amaitu dira izenaren aldaketaren eztabaida ireki zutenek euskal selekzioa aitortzekoproposatutako aukerak. «Ezin gara beti aldarrikapen horietan geratu, eta zain egon. Ezinbestekoa da urratsak egitea».

Euskal selekzioaren aurkaria nor izango den ez dute aurreratu. Bai, ordea, abenduaren 28a selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna bihurtzeko asmoa dutela. Aldaketen artean eskatu dute zazpi euskal lurraldeetako jokalariak bilduko dituen selekzioaren ofizialtasuna lortzea. Edo, munduko beste edozein futbol jokalarik bezala, zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea izatea.

Abenduaren 28ko prestaketa lanak abian daude. Ofizialtasuna, jokoan. Eskaera eta aldarrikapenak zelaian daudela, denborak erabakiko du euskal selekzioaren aldeko eta kontrako zatien emaitza.



Partida jokatzearen alde azaldu dira EAJ, Etxarri eta Ibarretxe

Jokalariek argitaratutako adierazpenaren harira, norgehiagokaren eta ofizialtasunaren alde agertu dira hainbat alorretako politikariak eta goi karguak. Mikel Etxarri euskal selekzioko hautatzailearen hitzetan, ofizialtasunaren alderik onena partida jokatzea da. Leire Corrales EAJko legebiltzarkideak gaineratu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatu behar zuen partidan adina interes eta kemen erakutsi beharko lukeela futboleko euskal selekzioaren alde. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, ordea, ofizialtasunaren defentsan jokalariek zein selekziorekin jokatu nahi duten erabakitzeko eskubidea izan behar dutela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.