Ofizialtasuna, mozioz

Ofizialtasunari ezetz esateko hainbatek selekzioaren gaia Eurokoparekin nahastu dutela uste du ESAITek

Martxel Toledo, Mikel Urkola, Pepe Turrillas eta Egoitz Askasibar, atzo, prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin bildu ostean, ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak alderdi politikoei helaraziko die bere aldarria. Ofizialtasunaren aldeko mozioak aurkeztuko ditu udaletan, foru aldundietan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Eta horiek eztabaidatu ostean, Espainiako Futbol Federaziora helaraziko dituzte emaitzak. Hau erakutsi nahi du ESAITek ekintza horren bitartez: «Euskal Herriko erakundeak ere, euskal herritarren gehiengo handi baten modura, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde daudela eta euskal selekzioak Eurokopan eta beste txapelketa ofizial batzuetan lehiatzen ikusi nahi dituztela».

2020an jokatuko den Eurokoparen harira, eztabaidagunearen erdian kokatu da euskal selekzioak txapelketa horretan izan beharko lukeen lekua. ESAITeko ordezkariek nabarmendu dute «hainbatek» selekzioaren gaian «Eurokoparekin batera azaltzea» baliatu dutela selekzioaren ofizialtasunari «ezetz» esateko. Jarrera horiek direla eta, uste dute «aitzakien garaia» bukatutzat eman behar dela «behingoz». «Alderdi politikoek erabaki beharko dute euskal selekzioaren ofizialtasuna dagokien erakundeei eskatzearen alde dauden edo ez. Ez dago aitzakiarik», gaineratu zuten atzo Mikel Urkolak eta Pepe Turrillasek.

Espainiaren betoa, «arazoa»

«Egitasmoari babesa emateko eta euren esku dagoen guztia egiteko» eskatu die ESAITek EAJri, EH Bilduri eta PSE-EEri. Izan ere, Eurokopa San Mamesen, Madrilen edo Europako beste edozein hiriburutan jokatuta ere arazoa «berbera» izango dela uste du iritzi taldeak. «Espainiako Futbol Federazioak batez ere, euskal selekzioari betoa ezartzen dio, eta hori da benetako arazoa».

Erakundeetan aurkeztuko dituzten mozioek aldarrikapen bakarra izango dute idatzian: «Euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan lehiatu ahal izatea, gainerako selekzioen baldintza berberetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.