Euskal Herriko (ESAIT), Kataluniako eta Galiziako kirol plataformek osatzen duten elkarteak dei egin die Athleticeko eta Bartzelonako zaleei haien herrialdeetako futbol selekzioen ofizialtasuna aldarrika dezaten ostiralean, Madrilen, Espainiako Kopako finalean. Plataformako kideek atzo eman zuten prentsaurrekoa Espainiako Kongresuan, eta nabarmendu zuten Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko kirolariek eskubide osoa dutela sentitzen duten elastikoarekin lehiatzeko nazioartean.
Eskari bat egin zieten jarraitzaileei: norberaren taldeari laguntzeko Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidan, banderak eta ikurrinak baliatuta. Vicente Calderoneko harmailak zuri-gorriz zein Bartzelonaren elastikoaren kolorez betetzea da helburua; hori bai, probokazioak alde batera utzita: «Ezeren gainetik, errespetatu egin behar ditugu Espainiaren aldeko ideologia duten guztiak, demokrazian bizi garelako», adierazi zuen Sergi Blazquez Kataluinako kideak.
Martxel Toledo ESAITeko kidearen arabera, salagarria da Espainiako Futbol Federazioaren jarrera: «Beti eman izan digun erantzuna murrizketa, bortxa edo zigorra izan da, eta badakigu Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin dioten kirolari ezagun batzuei kirol lizentzia kentzeko mehatxua egin izan zaiela».
Plataformako kideak ez ezik, hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere izan ziren prentsaurrekoan. Amaiur izan zen euskal ordezkari bakarra.
Ofizialtasunaren aldarria, Madrileraino
Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko kirol selekzioen ofizialtasuna eskatuko dute Kopako finalean, ostiralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu