Ofizialtasunaren bidean urrats bat eskatu dute

Durangoko akordioa betetzeko eskatu dute Asie Riesgok, Ainhoa Tirapuk, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik

ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Duela bi urte, FIFAren eta UEFAren aurrean euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzea adostu zuten Euskadiko Futbol Federazioaren Batzar Nagusian. Bi urte igaro dira ordutik. Baina federazioak ez du urratsa egin oraindik. Luis Mari Elustondo presidentearen agintaldia amaitzera doa hemendik aste batzuetara, eta eskaria egitea galdegin diote Ainhoa Tirapu, Asier Illarramendi, David Zurutuza eta Asier Riesgo futbolariek. Tirapuk eta Zurutuzak aurreko sasoian hartu zuten erretiroa, eta Illarramendik eta Riesgok jokatzen segitzen dute.

Agiri baten bidez galdegin dute, eta EH Kirolak ekinbideak eman zuen atzo horren berri. Gogorarazi zuten, larunbatean, abenduaren 12an, bi urte beteko direla Durangon batzordeak eskaria egin zuenetik, eta ia aho batez egin zuela. Lau jokalariak kexu agertu dira oraindik ez delako bete. «Orduan ulertu genuen batzarrak ia aho batez emandako baietzak eskaera bideratzea ekarriko zuela berehala. Baina bestelakoa izan da gertatutakoa».

Gogorarazi zuten «urte askotan» erakutsi dutela selekzioarekiko konpromisoa. «Horrek eraman gaitu ofizialtasuna aldarrikatzera, eta antolatu diren lagunarteko partidak jokatzera urte hauetan». Noizbait ere planto egin behar izan dutela nabarmendu zuten. «Uste izan dugunean partida horiek ez zirela gure selekzioak nazioartean lehiatzeko aurrerapausoa»

Selekzioarekiko konpromisoari eusten diotela berretsi zuten. «Betiere, ofizialtasunaren bidean aurrera egitekotan». Ildo horretan, ezinbestekotzat jo zuten batzar nagusiak agindutakoa betetzea.

Euskal selekzioak azaroaren 16an jokatu zuen bere azken partida, Costa Ricaren kontra. 2-1 irabazi zuen, eta FIFAk selekzioentzat gordetako datetan hirugarrena izan zen. Horren ostean,oihartzuna izan zuten Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak Radio Euskadin egindako adierazpenek. Esan zuenez, aurre akordio bat zegoen Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izateko bidea abiatzeko. Baina, gero, Elustondok atzera egin zuen, eta, Cope irratian egindako adierazpenetan, gauzak ez zituela ondo azaldu adierazi zuen. Damututa azaldu zen «Aurre akordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu irratian egindako adierazpenetan, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean esaten zen Sanchez beharrezkoak ziren erreformak egitera konprometitzen zela, eta bide hori abiatzeko».

«Mantso» egiteko zerbait

Elustondok adierazi zuen ofizialtasunarena «mantso, akordioen bidez eta harmonia onean» egin beharreko zerbait dela. «Lortuz gero, euskal zaleen pozerako izango da», nabarmendu zuen. Baina argi esan zuen. «Gu ez gara sekula pankarta eta oihu batekin aterako». Durangon (Bizkaia) egindako bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. «Hiru batzar informatibo egin ziren, eta hor adostu zen tramitazio edo bide hori abiatzea. Baina ordutik ez dugu urratsik egin. Ez diogu erakunde horiei ez eskutitzik, ezta bestelako komunikaziorik ere bidali».

Hurrengo zuzendaritzak egin beharko duen lana izango da, urte hasieran izango baitira hauteskundeak ezusterik ezean. Baina berriro nabarmendu zuen: «Pazientziaz egin beharreko kontua izango da, eta, lortuz gero, gure seme-alabek edo bilobek ikusiko dute». Beraz, ez dirudi Elustondok urratsik egingo duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.