VALENTZIA 0. REALA 1

Ogi gogor eta goxoa

Realak ez du joko onik egin baina hiru puntu baliotsu lortu ditu Griezmannek zorte pixkatekin sarturiko golari eskerAtzeko lerroak lan serioa egin du, eta ondo eutsi dio Valentziaren joko biziari

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Griezmannek (55. min.) Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horia Valentziako Albari. Bestelakoak: Sarrera ona Valenztiako Mestalla estadioan, 30.000 ikusle inguru.

Artea albo batera uzteko egunak izaten dira. Musak ez dira beti bisitan etortzen. Futbolaren muina ikuskizuna da, entretenimendua, baina egun batzuetan pragmatismoak idealak estaltzen ditu. Ez da larria, puntu grisek berdin berdin balio dute, are gehiago talde bat egoera deserosoan dagoenean.Reala hala joan zen Valentziara, Kopako astinduaren hozkirria gainetik kendu ezinda, eta zelai zailenetako batean hiru puntu lortzea beti da altxorra. Ogi gogorra jatea bezalakoa da, ez dago oso goxoa, baina gosea kentzen du behintzat.

Realak sor zitezkeen mamuak uxatu zituen Mestallan, eta bide batez ligako bolada ona luzatu. Mallorcan hondoa jo zuten jokalari berdinak ziren, baina ligakoa beste negozio bat da. Donostiako taldeak ez du partidarik galdu azken zazpi jardunaldietan, eta gaurko emaitzen faltan puntu tarte berdina du Europako zein jaitsierako postuekiko. Liga hasierako hotzarekin alderatuta oso epel dago orain, sailkapenaren erdi aldean nahiko ondo finkatuta.Bi izan ziren atzoko garaipenaren arrazoiak. Lehena atzeko lerroak eman zuen itxura sendoa, hutsik egin gabe.Valentziak gol aukera garbiak izan zituen, lehen minutuetan bereziki, baina ez zituen baliatu. Eta bigarrena Griezmannek golean izandako zortea, edo fedea, hala ere dei daiteke. Jaurtiketa bat egin eta aldaratze zaila borrokatu zuen. Bilaturiko zortea izan zen.

Realak oso bizi ekin zion partidari. Lehen bost minutuetan goian presionatu zuen, baina berehala hartu zuen baloia Valentziak. Ez zen arazo larria, logikak zioen Realak atzean itxaron beharko zuela. Minutuak pasa hala, baina, Valentziak gora egin zuen, eta baloi jabetzaren ondorioz arriskua sortzen. Emeryren taldeak oso bizi mugitzen du baloia, eta korrika egiten duenean zaila da gelditzen. Cadamurok lan txukuna egin zuen, eta ezker-hegalean hasieratik jokatzeko oposaketak egin zituen Feghouli bihurriaren aurrean, baina bere tokia aurkitu zuen arte Valentziak autobidea aurkitu zuen bere hegalean.

Aduriz izan zen mehatxua lehen zatian. Partida hasi eta berehala aukera ona izan zuen erdiraketa batean, baina ordu laurdenera eman zion sustoa bere bihotzeko taldeari (15. min.). Parejok ondo ateratako kornerra buruz jo eta langara bidali zuen baloia. Minutu batzuk aurrerago Hernandezek izan zuen aukera, areaz kanpotik. Valentzia gehiago zen, eta golak gertu zirudien, baina Realak itogina estali zuen atzean sendo sartuz. Atsedenaldira gerturatu hala baloia hartzea lortu zuen, baina ez zuen aukerarik egin, jabetza antzua izan zen.

Bigarren zatian ere Valentzia oldarkor hasi zen, baina sariak Realak jaso zuen (55. min.). Cadamurok modu traketsean egin zuen aurrera hegaletik, eta pasea eman zion Griezmanni. Aurrelariak area ertzetik bortitz jaurtiki eta Topalen gorputza jo zuen. Aldaratzean bila joan, baloia eskuarekin ukituz, eta nola edo hala bota zuen atera. Baloiak Ramiren oina jo eta loratu egin zen, eta Alvesen gainetik sartu zen sarera. Merezi baino gehiago zen.

Ordu erdi zuen Valentziak partida berdintzeko, baina ez zuen lortu. Realak ez zuen arriskurik hartu eta ondo egin zion aurre aurkariaren jabetzari. Erdilariek atzera egin eta ondo lagundu zioten atzelariei. Zurutuza eta Aranburu behin baino gehiagotan gerturatu ziren Bravoren ingurura gerturatu ziren. Azken txanpan Valentziak itsu-itsuan egin zuen gora, etekinik lortu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.