Olaizola II.a-Begino 22. Gonzalez-Laskurain 19

Ogi gogorra goxoa denekoa

Olaizola II.ak eta Beginok bizirik jarraitzen dute tentsio asko eta distira gutxiko partida bat irabazita

Aritz Laskurain lurrean etzanda eta atsekabe keinua eginez, txapelketako aurreko partida batean. J. C. RUIZ / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Iraupena. 1.24.53.

Pilotakadak. 550.

Saketik. Olaizolak 5; Gonzalezek 2 eta falta bat.

Markagailua. 4-0 4-4, 4-5, 5-5, 5-9, 8-9, 8-12, 9-12, 9-13, 11-13, 11-14, 12-14, 12-15, 14-15, 15-16, 16-16, 19-16, 19-18, 21-18, 21-19 eta 22-19..

Bestelakoak. Sarrera ona Labriten, baina ez zen bete, 800 ikusle inguru. Apustuak gorrien alde irten ziren. Jaialdiko lehen partidan Urrutikoetxea-Zabalak 22-21 irabazi zieten Arretxe II.a-Otxandorenari, 95 minutu luze eta 985 pilotakadako partida batean. Azken tantoa Arretxe II.ak saketik eginiko falta izan zen.

Gosea dagoenean ogi gogorra ez da hain txarra. Besterik ezean, edozein mokadu da gutizia. Kontua gosea kentzea da, bizirik irautea. Olaizola II.a eta Begino behar gorrian kantxaratu ziren atzo Labriten, eta hozkada eman zioten ogi lehorrari. Ez zen partida gozoa izan, kostata irabazitakoa, eta grisa, distira gutxikoa. Garaipen grisek, baina, berdin balio dute, eta partidek kanporaketa kutsua dutenean ikuskizunak bigarren mailako garrantzia du. Gazak hala, Asegarceko bikoteak bere esku du oraindik binakako txapelketan jarraitzea, horretarako Xala eta Barriolari irabazi beharko dio heldu den astean. Gonzalezek eta Laskurainek, berriz, ia ezinezkoa dute finalean sartzea.

Tentsioak baldintzaturiko partida izan zen, txarra eta hutsez jositakoa. Polemika ere agertu zen, epailea ez baitzen oso fin ibili, baina azkenean Olaizola II.a izan zen bidea zuzendu zuena. Goizuetakoak ez zuen partida ona jokatu, eta hasieran berak huts egiten ez dituenak huts egin zituen asko. Berak eta Beginok ez zuten ondo elkar ulertu, eta konfiantza gutxi eman zion atzelariari. Pilota hautatzeko ere komeriak izan zituzten. Baina Goizuetakoak bukaeran konpondu zuen lana, garaiz aurkitu baitzuen iparra.

Gonzalezek eta Laskurainek partidaren ekimena izan zuten, eta euren hutsek —zortzi guztira eta eraman beharreko bi sake— mantendu zituzten partidan Olaizola eta Begino. Laskurainek partida bikaina jokatu zuen, eta Gonzalezek pilotakada onak erabaki txarrekin uztartu zituen. Bestalde, Beginok ez zuen agindu, eta zalantzak izan zituen Olaizolari pilotak eskatzeko garaian. Goizuetakoak, berriz, sei huts egin zituen, eta Aspekoek alde politak izan zituzten (5-9, 9-13 eta 14-16).

Partida txarra izan zen, baina ikusleek emozioaren kontsolamendua zuten gutxienez. Aspekoak bi tanto aurretik zirenean eman zuen pausoa aurrera Olaizola II.ak. Errematean sartu beharra zeukan, eta sakea berreskuratu zuen. Aurrean jokatuz Gonzalez endredatu zuen, deseroso jokatzera behartuz, eta motzean Olaizola II.a gehiago izan zen. Saketik eginiko tanto batekin tartetxoa ireki zuen (19-16).

Laskurain leher eginda zegoen, Gonzalez, berriz, fresko, eta, haren eskutik, tanto bakarrera gerturatu ziren urdinak (19-18). Azken tanto horretan iskanbila egon zen, Azkaingoak traba egin zion Olaizolari, eta epaileak ez zuen bueltarik eman. Baina Goizuetakoa ez zen partidatik irten, eta erremate zehatz batekin sakea berreskuratu zuen (20-18). Labur sakatu eta Gonzalez huts egitera behartu zuen gero. Partida urduria Beginoren huts eta tanto banarekin bukatu zen. Tentsioaren ondoren, gorriek elkar besarkatu zuten. Ogi gogorra goxoa dago batzuetan. Bizirik jarraitzen dute.

Irujo-Merinoren aukera

Bigarren jardunaldiko bigarren partida Eibarko Astelenan jokatuko dute gaur (17:00, ETB1). Xala eta Barriola Irujoren eta Merino II.aren aurka ariko dira. Irujok eta Merinok irabazten badute, finalera pasatuko dira. Galduz gero, Xalak eta Barriolak esku-eskura izango dute finala. Harmailak bete egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.