Gaizki hasten dena gaizki bukatzen dela sarri esan ohi da. Eta hala izango da. Realaren kasuan behintzat, esaera goitik behera bete da, Vicente Calderonen. Partidako lehen hamar minutuak betetzerako 2-0 jarri dira atzetik txuri-urdinak, eta gerora ez dute zer eginik izan Atletico Madrilen sendotasunaren aurrean. Egiari zor, etxetik kanpo aspaldi jokaturiko minuturik onenak izan ditu Realak une askotan, baina alferrik. Betiko gabeziak bistaratu ditu: presioa ondo egiteko zailtasunak izan ditu, baloi geldian hamaika arazo ere bai, gol aukerak sortzen ere antzu ibili da... Hitz batean, kasta azaldu eta oldarkorrago jokatzea falta izan zaio. Horregatik, inolako arazorik gabe nagusitu da etxeko taldea.
Lehen minututik bertatik jakin ahal izan dute donostiarrek zein zelaitan jokatzen ari ziren. Besteak beste, Atletico Madril oso zelairatu baitza indartsu. Epaileak hasierako txistua jo eta berehala, Arda Turanek zutoinera jaurti du baloia. Hurrengo jokaldian, berriz, Kokek kornerra atera eta Mikel Gonzalezek bere atean sartu du baloia. Bigarren minutua zen. Rulli bere atzean zain bazeukan ere, arrasatearrak hanka sartu du. Denbora asko geldirik eman ondoren, ez du partida hasiera ederra egin erdiko atzelariak. Bada, okerrena iristeko zegoen, 10. minutuan bigarrena egin baitu Griezmannek. Kokeren jaurtiketa gaizki urrundu du Rullik, eta aldaratzean ez du barkatu Realeko jokalari ohiak. Denboraldiko hamaseigarren gola egin du.
Kasik guztia erabakita utzi du 2-0ekoak. Atletico Madrilek berak ere lasaiago jokatu du atsedenaldia bitarte. Horren ondorioz, Realak baloia gehiago izan du hanketan, eta hiruzpalau gol aukera ere sortu ditu. Chory Castro izan da protagonista. Ordea, guztietan Oblakekin egin du topo. Partida hasiera eskasak pisu gehiegi izan du Realarentzat, eta gerora suspertu arren, ez da gauza izan gol bakar bat egiteko.
Aurkariaren erritmoan
Bada, bigarren zatiaren hasierak ere lehengo lepotik izan du burua. Atletico Madrilek kontrolpean izan du lehia, eta hark nahi izandako erritmoa nagusitu da zelaian. Reala ongi kokatuta egon da, baina gatza eta piperra falta izan zaio erasoan. Hain zuzen ere, golaren itxaropenez edo, 75. minutuan bi aurrelari zelairatu ditu David Moyesek: Agirretxe eta Finbogasson. Aldaketek ez diote fruiturik eman, baina. Ikusten zen golen bat eginez gero berriro partidan sartzeko aukera zutela txuri-urdinek, baina helburu horretatik urrun geratu dira. Oso urrun.
Hala, lehen ezinezko bazuten ere, orain are ezinezkoago dute Europara sailkatzea. Zortzi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta ahalik eta sentsazio onenekin bukatzea da orain xede nagusia.뒢