SOKATIRA

Ohiko gomako txapelketa bost astez

Bihar hasiko da Euskal Herriko Txapelketa, 13 klubekin, eta, guztira, 43 talde lehiatuko dira

DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Iaz baino bi aste lehenago hasiko da goma gaineko ohiko Euskal Herriko Txapelketa, bihar, Laudion (Araba). Izan ere, aurten Munduko Txapelketa ere jokatuko da, otsailaren 19an hasita, Glasgown (Eskozia), eta horrek aurrerarazi egin du Euskal Herrikoa. Munduko Txapelketa bi urtean behin jokatu ohi da, eta lur gaineko Europakoarekin egiten du bat urte berean. Jakina, goma gainean ez da jokatzen Europako Txapelketa.

Euskal Herriko Txapelketak bost aste iraungo du, eta otsailaren 15ean amaituko da. Ohiko pisuetan jardungo dute tiralariek; hots, 480 eta 520 kilokoetan emakumezkoek eta 560, 600, 640 eta 680 kilokoetan gizonezkoek. Guztira, hamahiru klub lehiatuko dira. Sei talde baino gehiago diren pisuetan (560, 600 eta 640 kilo), sailkapen ligaxka jokatuko dute, bi jardunaldira, eta sei onenek finala jokatuko dute. Gainerakoetan, berriz (480 eta 520 kilo), hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta lehenak eramango du txapela.Gizonezkoen 680 kilokoa izango da salbuespena, zuzenean finala jokatuko baitute. Larunbateko saioak 17:00etan jokatuko dira, urtarrilaren 24koa izan ezik, hori 18:00etan izango baita. Igandeetakoak, berriz, 11:00etan.

Torrekolanda taldea pisu guztietan ariko da

Iazko txapelketarekin alderatuta, gizonezkoetan Bizindar faltako da. Bestetik, Txantreak bigarren urtez egingo du kale. Ezkaba ondoa izango da berria. Emakumezkoetan, berriz, Burlata talde nafarra faltako da. Sakana ere faltako da, azken bi urteotan bezala. Aitzitik, bi talde izango dira berrikuntza, eta biak, emakumezkoetan: Gaztedi eta Arrizkuzubi.

Horiek biek lauko txapelketan ere jardun zuten, eta, beraz, ondorio ona izan du bigarren urtez jokatu den lauko lehiak. Nafarroako taldeei dagokienez, maiatz aldera jokatuko den Nafarroako Txapelketan esku hartzeko aukera izango dute, batez ere, Euskal Herrikoan ariko ez direnekBestalde, Berangoko Torrekolanda taldea izango da pisu guztietan ariko den talde bakarra. Auzolan, berriz, denetan ariko da, batean izan ezik. Saioak jokatuko diren lekuei dagokienez, Lapurdi izango da leku bakarra saiorik jokatuko ez dena, Ezpeletako Ñapurrak-ek tiratuko badu ere. Izan ere, lehian ariko diren gainerako taldeen herrialdeetan izango da saioren bat.Talde kopuruari so eginda, aurten 43 talde ariko dira; iaz baino bat gutxiago, betiere txapelketaren hasiera kontuan hartuta. Bestalde, Euskal Herriko Laukoa abenduaren 21ean amaitu zen. Gehienek hura erabili zuten prestatzeko, baina Beti Gaztek eta Ñapurrak-ek ez zuten esku hartu. Goiherri, berriz, ez da ariko zortzikoan.

-

HERRIALDEZ HERRIALDE



 

Bizkaiak izango du ordezkari gehien aurten ere





Kopuruari dagokionez, Bizkaiak aurkeztuko du klub eta talde gehien. Bost klub ariko dira lehian. Gainera, txapelduna dute talderik indartsuena gizonezkoetan: Abadiño. Abenduan amaitu zen lauko lehian hiru talderekin ere tiratu zuen pisu batzuetan. Torrekolanda da bigarrena indartsuenetan, eta laukoan egindakoa hobetzea premiazkoa luke. Nafarroa da bigarrena ordezkaritza aldetik, lau talderekin. Beti Gazte txapeldunordea dute indartsuena, baina ez da aritu laukoan, eta aspaldi ez da lehiatu. Arabak bi ordazkari ditu, eta Arrizkuzubik itxura ona eman zuen laukoan. Gipuzkoak eta Lapurdik ordezkari bana dute. Auzolan laukoan aritu zen, baina ez Ñapurrak. Lapurtarrek ez dute tiratu Ipar Euskal Herriko Txapelketaz geroztik. Emakumezkoetan, Gasteizko Badaiotz txapeldunaren arrastoan ariko dira gainerakoak. Gaztedi da berria, eta laukoan nahiko maila ona erakutsi arren, zortziko taldean moldatzea zailagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.