Binakako txapelketa azken txanpan sartuta dago. Finalerdietako ligaxka, aurtengo berritasun nagusia, asteburu honetan hasiko da. Finalerdiak izan arren, enpresek pilotaleku handiak (Atano III.a eta Ogeta) albo batera utzi dituzte lehen jardunaldirako. Bengoetxea-Ruizek eta Olaizola I.a-Belokik larunbatean jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Xala-Eulatek eta Gonzalez-Pascualek, berriz, igandean neurtuko dituzte indarrak, Bergaran.
Binakako txapelketa ustekabez josita egon da, eta enpresek ikusle gehien erakartzen duten pilotariak galdu dituzte finalerdietarako. Irujok, Olaizola II.ak eta Titinek agur esan diote binakakoari, eta ikusteko dago enpresek non antolatuko dituzten sei jaialdiak. Lau t'erdiko azken txapelketako finalerdietan bi partida jokatu ziren Ogetan, eta iaz, binakakoan, ligaxkarik gabe, partida bat antolatu zuten Donostian. Aurtengo binakakoan, baina, ez dirudi enpresek plaza horiek betetzeko adina zale erakarri ahal izango dutenik.
Esan bezala, binakakoak bide bitxia darama, eta ia ezinezkoa dirudi faboritoren bat nabarmentzea. Argi gelditu da lehen faseko ligaxkak ezer gutxirako balio duela, bi multzoetako lehen sailkatuek final-laurdenetako bi partidak galdu baitituzte. Bitxikeria moduan, multzo bakoitzeko bigarren eta azken sailkatuak iritsi dira finalerdietara. Lau bikoteen arteko partidei erreparatuta, Gonzalez eta Pascual ageri dira indartsuen, Asegarceko bi bikoteei irabazi baitzieten. Xala-Eulatek eta Olaizola I.a-Belokik bana irabazi zuten, eta Bengoetxea VI.ak eta Ruizek bat ere ez. Galdu arren, azken horiek oso estu hartu zituzten Chafee, Xalaren ordez, eta Eulate (22-21).
Finalerdietarako azken sailkatuak nortzuk izango ziren herenegun argitu zen, Tolosan, Gonzalez eta Pascualek Olaizola II.a eta Otxandorenari irabazi zietenean (22-14). Gonzalezek emaniko hitza bete zuen, eta partidaren hasieran Olaizolaren bila joan zen itsu-itsuan. Goizuetarra, baina, ona aritu zen defentsan, azkaindarraren indarra ezereztatuz. Bi aurrelariak mokoka zebiltzan, eta Asegarcekoak aurretik (11-8).
Iñigo Pascual izan zen partidaren bigarren zatiko protagonista. Bide okerretik zebiltzala ikusita, kideari estrategia aldatzeko agindu zion, eta berari jokoan gehiago sartzen uzteko. Lizarrakoa azti ibili zen, eta Otxandorenaren bila joanez tartea ireki zuten (11-16). Mugairiko atzelaria ez zen aurkarien pilotara egokitu, eta huts ugari egin zituen. Otxandok finalerdietarako bidea erakutsi zien Gonzalez eta Pascuali, eta Aspekoek ez zuten arrastoa galdu.
TITINEK AISE, IRUJOREN AURREAN (22-8). Juan Martinez Irujok atzo jokatu zuen, Tolosan,aurreneko partida binakako txapelketatik kanporatu zutenetik, eta Iberokoak burua altxatu gabe jarraitzen du. Buruz buruko txapelduna eta Aitor Zubieta ez ziren Titin III.a eta Lasa III.arentzako moduko aurkariak (22-8). Irujok iparra galdu zuen duela bi aste, eta oraindik ez du aurkitu. Titinek kate motzean lotu zuen, eta Iberokoak hamar huts egin zituen. Zubieta ere ez zen fin ibili, lau pilota galdu baitzituen.
Tolosako inauterietako feria gaur bukatuko da (16:30), eta azken orduko gonbidatu batekin, gainera. Mikel Unanue min hartuta dago, eta Aimar Olaizolak jokatuko du bere ordez Peñagarikanoren alboan. Aurrean binakako txapelketa jokatu duten bi pilotari izango dituzte: Koka eta Zearra.
Ohiko plazak finalerdiei ekiteko
Ligaxkako lehen partidak asteburuan jokatuko dira: larunbatean Iruñean, eta igandean Bergaran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu