Bertan galtzeko moduko txokoa dago Artziniegan: Museo Etnografikoa. Ogibideak, ohiturak, aisialdia... Orain dela hainbat urtetako herriko zein eskualde horretako eguneroko bizimodua dago bertan bilduta. Urtean hainbat ekimen egiten dituzte ere ohiturak gal ez daitezen. Txarriboda, okintza, lihoa lantzeko pausoak... Artea Etnografi Elkarteak lan eskerga egin du azken hogeita bost urtean hori lortu ahal izateko. Inguruko herrietako biztanleen laguntza izan dute horretarako. Edonor harritzeko gaitasuna duen museo biziduna egiteko.
2004. urtetik Artziniegako Alde Zaharretik gertu dagoen eraikuntza batean dago museoa, jatorrizko museoa txikiegia baitzen. Eraikin berrira igaro zirenean bildutako guztia nahi bezala banatzeko aukera izan zuten. Bi solairutan dago banatuta museoa. Ogibideek hartzen dute lehen solairua, eta, gelaz gela mugitu ahala, bertako langileen tresneria eta lan egiteko modua ikus daiteke.
Jantziak eta oinetakoak nola egiten ziren ikus daiteke museoaren lehen gelan. Artilea, lihoa, larrua eta bestelakoak nola lantzen zituzten erakusten dute. Jostunentzako txoko bat ere badago bertan, ehunak lantzeko erabiltzen zituzten tresneria guztiekin. «Urduñakoak dira zapatagilearen tresna gehienak, lanbide hori garrantzitsua izan baitzen herri horretan», esan du Begoña Santa Coloma Artea Etnografi Elkarteko presidenteak.
OHITUREN MUSEOA. Eztigintza, txakolinarekin lotutako hamaika ohitura, ogia, gazta, txarriboda... Gelak igaro ahala bertako baserrietan erabili ziren tresnak agertzen dira, behar duten moduan jarrita. «Gu arduratu gara dena antolatzeaz, garai batean nola zegoen antolatuta ikusi genuelako». Xehetasunik txikiena ere zainduta dago, baserriko sukaldean ikus daitekeen 1962. urteko egutegia kasu. Zurgintza, nekazaritza, sutegia, abeltzaintza, gurdizainen tresneriak... «Ez da objektu museoa, ohiturena baizik; hemen dauden tresnak gaur egun ere erabil daitezke, eta hori egiten dugu noizean behin erakustaldien bidez».
Goiko pisuan hirietarako jauzia egiten da, neurri batean. Zerbitzuekin lotura gehiago duten gaiak lantzen dira. Botikak ematen dio ongietorria bisitariari, Artziniegako botika urtetan izan zena XX. mendeko hasieratik. Garai batean bezala dago kokatuta, botikaren atzealdea eta guzti. Salmahaiak bere gainean izan zituen milaka txanponen urratuak ditu oraindik.
Udaletxe zaharra, taberna eta denda, eskola (orduko etxeko lanak barne), elizkizunetarako objektua, kirola, dirudunen etxebizitza... Ibilbidea egin ahala XX. mendeko hasierako bizimoduaz ohartu daiteke bisitaria. Gidarien azalpenak bereziki lagungarriak dira denaz jabetzeko, museoak bakarrik espero baino azalpen gehiago ematen dituen arren.
Ohituren gordelekua, herriak bilduta
Artziniegako Museo Etnografikoak herriko zein inguruko historia gertukoaren eguneroko alderdia agertzen du, usadioen berri emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu