Arrauna

Oilar askoren lehia begi bistan

Gaur hasiko dira KAE ligak, Pasaian. Aurreneko mailan, hamabost estropada osatu beharko dituzte, eta sailkapenaren goialdean aritzeko hautagai asko izango dira.

Deustu, Pedreña, San Pedro eta Getaria, hasierako lehen txanpan, iaz Getarian, KAE 1 ligako estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Kantauri Arraun Elkarteko bi ligei iritsi zaie estatxa askatzeko unea. Amaitu da tostak, mastostak, toletak, arraunaren tabortak eta trainerua osatzen duten hamaika elementu neurtzeko garaia. Negu gogorrean ongi mimatu duten ontzia findua izango dute dagoeneko prestatzaile batek baino gehiagok. Izan ere, asteburu honetan hasiko dira KAE 1 eta KAE 2 lehiaketak.

Lehen mailan, bederen, neguko test eta jaitsieretako emaitzetatik ondorioren bat atera badaiteke, zera da: faborito argirik gabe, oilar askoren lehia bistaratuko dela uretan. Batez ere, oilategian bost oilarrek dute gandorra tenteago gainerakoek baino: Kaikuk, Pedreñak, San Pedrok, Getariak eta Arkotek. Beraz, ez dago ukatzerik borroka estua izango dutela Eusko Label ligara igotzeko lehen bi postuak eskuratzeko lehian.

Miguel Angel Ruiz (Caracas, Venezuela, 1978) Kaikura itzuli da, aurretik aritutakoa baita: 2009 eta 2010ean; baita 2012an ere, Bizkaitarra ontziaren urte loriatsuan. Oraingoan, berriz, entrenatzaile lanetan dabil Sestaon (Bizkaia), eta, iaz maila gorenetik jaitsi eta gero, argi du zein den euren buruari jarri dioten helburua: «Igoerako kanporaketak jokatzea eta TKE ligara igotzea da klubaren helburu nagusia». Kaikuk garaipen zerrenda urrez josia duela jakitun dago Ruiz, eta aitortu du «alde guztietatik» presioa jasoko duela bai berak, baita taldeak ere.

Ez du ezkutatu Kaikuk aurreko sasoitik hona aldaketa asko izan dituela. «Iazko zortzi arraunlarik bakarrik jarraitzen dute». Alta, ez du baztertu beste arraun elkarteetatik esperientzia duten arraunlariak fitxatu ez dituztenik. «Talde zabala eta indartsua osatu dugu».

Aurtengo denboraldia «estua» eta «berdintasun handikoa» izango dela aurreikusi du. «Pedreña eta San Pedro iazko onenak izan ziren, eta Getaria badakigu itsasoan nola ibiltzen den». Arkote ere ez du baztertu, ezta San Juan ere. Hargatik, lehen estropadei balio handia eman die Ruizek. «Garrantzitsua izango da ondo hastea. Liga luzea izango dugu, eta hasieratik herrenka hasten bazara, zaila izango da altxatzea».

Ilusioa hizki larriz idatzi du Jon Larrañagak (Getaria, Gipuzkoa, 1979), Getariako prestatzaileak. Hain zuzen, hitz bakar horrekin laburbildu du taldearen aldartea. «Azken hiru urteetako talde antzekoa dugunez, esperientzia gehiago metatu dugu. Bloke sendoa eta polita dugu, familia baten modukoa».

Traineruen artean maila «ikaragarria» egongo dela dio. Dena den, hiru talde nabarmendu ditu besteen gainetik: Kaiku, Pedreña eta San Pedro. Haien uberan ontzi asko egongo direla uste du. «Arkote, San Juan, Zumaia, Deustu eta gu egongo ginateke». Halere, abisua eman du Esperantza-ko entrenatzaileak. «Horietako edozeinek irabaz genezake bandera, baita bigarren txandatik ere». Getariak iazkoaren bidetik jarraitzea du xede.

Aurtengo ligak, aurrekoarekin alderatuta, hiru bereizgarri izango ditu: lehena, hamabost estropada izango dira; bigarrena, iaz ez bezala, dema bakoitza bere estropada eremuan lehiatuko da; eta, azkena, hamahiru talde ariko dira, hamabi beharrean. Larrañagak ontzat jo du: «Jokoa emango du horrek; lau txanda, itsas zabalean, ibaian, erlojuaren aurka...».

Hamahiru talde egoteak, ordea, baditu ondorioak. Ligako azken bi sailkatuak joango dira behera, eta hamaikagarrenak eta hamargarrenak KAE 2ko bigarren eta hirugarrenarekin kanporaketak jokatu beharko dituzte. Aitor Artetxek (Errenteria, Gipuzkoa, 1973) borroka horretan ikusten du bere talde igo berria: Lapurdi. «Mailari eustea izango da helburua, zaila izango den arren». Lapurdik izango dituen aurkari zuzenen izenak ematera ausartu da: «Castro eta Astillerorekin lehia handia izango dugu». Orio B eta Camargo, berriz, urrunxeago ikusten ditu. «Talde gaztea eta esperientzia txikikoa dugu, baina borrokarako prest gaude».

Hain zuzen, Pasaiako itsasadarrean izango dute denboraldiko lehen lehia, gaur, 18:15ean hasita, erlojuaren aurka. Artetxe «etxean bezala» ariko da arraunean, ondo asko baitakizki estropada eremu horretako sekretuak. «Ibaitik itsasorako trantsizioa hobekien egiten duenak eta kanpoko ziabogatik barrurako tarte labur horretan gehien asmatzen duenak irabazteko aukera handia izango du». Bihar, berriz, Andoni Galarraga lan istripuz zendu zen arraunlari ohiaren oroimenezko bandera jarriko da jokoan, Getarian. Larrañagaren taldearentzat, estropada «berezia» bezain «hunkigarria». «Lagun handi batek utzi gintuen. Uste dut Andoni gustura geratuko zela gu banderaren lehian ikustearekin bakarrik».

KAE1 ligako estropadaren aurretik, KAE 2 ligak emango dio hasiera arraun denboraldiari, Pasaian (17:30). Hamar ontzi hamabi alditan lehiatu dira elkarren aurka, eta hor ere izango da borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.