Oilarrak eta oilaskoak

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Laurdena. 34 jardunaldi ditu liga erregularrak, eta zortzigarrena jokatuko da asteburuan. Ligako laurdena joan da, dagoeneko. Sailkapenak buruan utzi ditu bi aberatsak, Bartzelona eta Real Madril, eta haien adinako aberastasunik eduki gabe aberatsa dena, Baskonia. Hortik behera, ezusteko potolo samarrak. «Betikoak, eta ausartak», diote batzuek. Ausart horietako bat Lagun Aro da, oilarra izan nahi duen oilaskoa. Beldurra ematen dio oilar mozorroak, eta nahiago du oilasko itxuran jardun. Javi Salgadori ez dio beldurrik ematen oilar mozorroak. Harro asko jantzi zuen derbian, eta bere oilategitik bota zutenei aginte makila berak duela esan zien. Tente, harro, baina ondoen egiten dakiena eginez: saskibaloian jokatu.



Ikuskizuna. Derbikoa. Orokorrean. Lau egun pasatu dira, dagoeneko, baina zaila da Illunben bizitakoa ahaztea. Onean edo txarrean. Nola ahaztu Doblasen jokaldi bikainak, eta hainbeste atsegin duen antzerkia? Panko eta Hervelleren arteko berotua. Baronen maisutasuna etaBlumsek zazpi metrotik haratago emandako erantzun dotorea. Mumbruk bere taldearen gainbeherarekin izandako haserrea, eta une beroena. Salgadoren partida bukaera, eta Katsikarisi egindako zehar begiratuak: «Ez dut gai horri buruz gehiago hitz egingo», esan zuen greziarrak prentsa aretoan. Normala. Isilik egotea hobe.



Kalkulagailua. Astero bezala, zenbakien inguruko hausnarketa. Baskoniak Kopa jokatuko du, eta Lagun Aro eta Bizkaia Bilbo Basket bidean daude. Gipuzkoarrek bost garaipen dituzte, hiru edo lau garaipen gehiago behar dituzte. Manresa eta Valentzia dira hurrengo aurkariak. Manresan irabazten badute, erdi egina dute donostiarrek. Aurkarien eraso jarduna 70 puntura mugatzen segitzen badute, guztiz egina. Bizkaitarrak gorabeheratsuago ari dira. Donostian txandakatze piloa egin zituen Katsikarisek, Jacksonekin izan ezik. Deigarria izan zen Vasileiadisek hain denbora gutxi jokatzea eta Warren, Mumbru eta Hervelle hain galduta ikustea. «Odol gehiagorekin jokatu behar dugu», esan du Katsikarisek. Odola eta konpromisoa.



Irakurri eta gozatu. Partida bat gertutik ikusi arren, saskibaloiaz jakintza mugagabe dutenen analisiak entzun edo irakurtzea baino aukera hoberik ez dago, norberaren jakituria handitzeko, edo saskibaloia zein sinplea den ulertzeko. Pepe Laso entrenatzaile ohiak Baskoniaren partidak aztertzen ditu, eta gasteiztarrek Zaragozan jokatu osteko analisia bikaina da. Saskibaloiaz ezer ulertzen ez duenarentzat ere egokia. Beldurra aipatzen du Lasok, Zaragozak kantxaratu aurretik erakutsi zuena; erabakigarria ostera. Ivanovicek minutuak partekatzeko daukan borondate eskasaz ere mintzatzen da: «Ondo daudenekin jokatzen du, ondoren nekea kaltegarria izan daitekeen arren». Eta Baracena ondoren: «Partida bikaina, baina bigarren mailako taldeetako piboten aurka». Haislipen parte-hartze apalarentzat azken hitzak: «Gutxi jokatzen ari da, baina oso garrantzitsua izango da laster». Pepe Lasok esana.



Valentziatik Bartzelonara. Valentzian sortu da lehen langabea. Manuel Hussein kargutik kentzea erabaki dute hango arduradunek, taldeak oso balantze pobrea lortu baitu: 1-6. Inor gutxik pentsatuko zuen halakorik Valentziak Espainiako Superkopan Baskonia mendean hartu ostean eta daukaten talde puska gogoan. Bartzelonan ere mugimendua egon da. Basile luzerako min hartuta dagoela eta, Joe Ingles fitxatu dute Granadatik. Horri boterea esaten zaio. Hamabi jokalari on eduki, batek min hartu, eta trukean, ligako lehen laurdenean jokalari onenetakoa izan dena fitxatu. Gasteizen jokatuko du larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.