Oilarrak gizentzen jarraitu nahi du

Europako Eskubaloi Txapelketa jokatuko da gaurtik hilaren 29ra, Serbian2008ko udan indarrean jarri zuen diktadura mantendu nahi du Frantziak, eta bosgarren txapelketa garrantzitsua jarraian irabazi

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Beti egon izan dira selekzio historikoak eskubaloian. Urteetan aurkariak hankapean ibili izanagatik, guztiek utzi dute arrastoa. Hala ibili ziren Lavrov, Duixebaev eta Kisseleven Errusia; Olsson, Lovgren eta Wislanderren Suedia; eta Balic, Lackovic eta Dzombaren Kroazia, besteak beste.

Horiek guztiek eginikoa, baina, txiki geratzen da 2008ko udatik hona Frantziak eginikoarekin alderatuta. 2008ko urtarrilean Norvegian jokatu zen Europako Txapelketan brontzezko domina irabazi zuenetik ez du ezagutu urrea ez den beste metalik. Lau txapelketa jokatu dira ordutik, eta lauretan igo dira frantziarrak podiumeko koska gorenera: 2008an, Pekinen, Olinpiar Jokoetan; 2009an, Kroazian, Munduko Txapelketan; 2010ean, Austrian, Europako Txapelketan; eta iaz, Suedian, Munduko Txapelketan.

Erraz egiten da kontua, baina ez du ezer errazik Claude Onestak zuzendutako selekzioak lortutakoak. Lehenak dira frantziarrak hori lortzen. Haien aurretik izandako selekzio historikoek ez ziren gai izan haien nagusitasunari horren denbora luzez eusteko. Nahi baino lehenago, eta bilduma (Olinpiar Jokoak eta Europako eta munduko txapelketak segidan irabazteari deitzen zaio) osatu baino lehen eman behar izan zuten amore. Frantziak, ordea, aspaldi lortu zuen bilduma, 2010ean. Horrek, baina, ez du ase, nonbait, haren garaipen gosea. Iaz bilduma handitu zuen Munduko Txapelketa irabazita, eta aurten bilduma bigarrenez osatzeko aukera du. Horretarako, gaur Serbian hasiko den Europako Txapelketa irabazi beharra dauka lehenbizi, eta beste horrenbeste egin zazpi hilabete barru, Londresen, Olinpiar Jokoetan. Erronka ikusgarria dirudi, ezinezkoa kasik. Halere, inor gutxi ausartzen da ziurtatzera ez duenik lortuko. Zergatik? Oilarrak gizentzen segitu nahi duelako, eta badakielako bera dela gaur-gaurkoz indartsuena oilategian.

Danimarka, Kroazia, Espainia...

Onestaren taldeak ez du piezarik galdu: Omeyer, Karabatic, Gille anaiak, Dinart, Abalo, Accambray, Barachet... denak ariko dira, eta hori berme nahikoa da faboritoa izateko. Frantziarrak ezustean har dezaketen selekzioen artean bat nabarmentzen da: Danimarka. Talde bikaina du (Landin, Hansen, Lindberg...), eta iaz erakutsi zuen, luzapenean eman baitzuen amore Frantziaren aurka, Munduko Txapelketako finalean. Koska bat beherago daude Kroazia, Polonia, Norvegia, Islandia, Alemania, Errusia eta Espainia. Azken selekzio horretan hiru euskal jokalari ariko dira: Iker Romero, Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo. Serbian, halaber, Londresen aritzeko aukera egongo da jokoan. Txapeldunarentzat izango da, edo txapeldunordearentzat, Frantzia nagusitzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.