Zerura igotzen dena nekez jaisten da. Jaitsaraztea da bide bakarra, baina zeruan ondo egoten denez, han dagoena handik jaistea ez da erraza. NBAko talde handiei, onenei, lorpen zerrenda onena dutenei gertatzen zaia. Elitean gustura bizi direla, eta behin horra iritsita, hor mantentzeko legezkoak direnak eta ez direnak egiten dituztela. Horregatik, denboraldi honetako faboritoen zerrenda aipatzea pasa den urtekoa berreskuratu eta izen berberak ematearen antzekoa da. Lakers edo Boston bazterrean uztea ausartegi jokatzea delako. Edo Miamiri aukerarik ez ematea, daukan talde puskarekin. Jarduneko txapelduna ere sartu beharko da, aldaketak aldaketa, eta bosgarren hautagai bat ere bai: pasa den sasoiko liga erregularreko talde onena: Chicago Bulls.
Zerrenda hori xehatzen hasi, eta erabaki zuzenena bi izen distiratsuenak albo batean uztea da. Boston Celticsek Brandon Bass aldatu du Glenn Davisen truke, baina Jeff Green galdu du sasoi osorako bihotzeko arazoengatik, eta Paul Pierce, Ray Allen eta Kevin Garnett urtebete zaharragoak dira. Gainera, Piercek arazo fisikoak ditu, eta litekeena da urtarrila erdialdera arte ez bueltatzea kantxara. Los Angeles Lakers ere antzeko egoeran dago, Kobe Bryantek eskumuturra bihurritu baitzuen aurre-denboraldiko partida batean. Medikuen arabera hiruzpalau aste egon liteke osatzen, eta bost hilabeteko lehiaketan bat galtzen badu, Lakers berandu eta posizio txarrean irits liteke kanporaketetara.
Bestela ere Lakerseko ohiko aldarte ona desagertu egin dela dirudi. Taldeko kirol arduradunek Lamar Odom eta Pau Gasol merkatuan jartzea erabaki zuten. Gasolen trukea ez zen ondo atera, eta kataluniarrak, umil, ez du taldearen aurkako hitzik esan, bere burua truke txanpon gisa ikusita ere. Lamar Odomek, ordea, epelak bota ditu, eta Lakersek tituluak lortzen dituzten jokalariak merkantzia huts gisa erabiltzea lotsagarria dela esan. Gasolek Lakersen jarraitu arren, badaki ugazaben konfiantza galdu duela, eta lan baldintza horietan neurri ona ematea, ez da erraza.
Chicago Bullsek sekulako liga erregularra egin zuen, baina ezin izan zuen final handia jokatu... Miamirekin topatu zelako Ekialdeko finalean.Chicagok talde bikaina du. Itzalik egingo ez dion jokalaria, Derrick Rose, eta jokalari on asko. Denboraldi honi begira, beste jokalari on bat fitxatu dute: Richard Hamilton. Eskarmentu handiko jokalaria da Rik, titulua irabazitakoa. Rose saskiratze zereginean apur bat lasaitzeko zeregina izango du Detroiteko jokalari ohiak.
Miami lasai, Dallas urduri
Itxuraz aldrebes gertatu beharko luke, Miami izan zelako finala galdu zuena, baina Floridakoak lasai aritu dira, eta jokalari bakarra fitxatu: Shane Battier, edo eskarmentua. Hiru handiek jarraitzen dute, baita haien alboan zeuden langile gehientsuenak ere. Nahikoa izango al da? Floridatik urruti, Texasen, adituen zalantza asko eragin dituen jarrera erakutsi du txapeldunak. Caron Butler, J. J. Barea eta Tyson Chandlerri ihes egiten utzi dielako, aurrena, eta trukean ekarri dituenak, txarrak izan gabe, ez dutelako erabateko konfiantzarik ematen: Delonte West, Lamar Odom eta Vince Carter. Berriro eraztuna irabazten badute isil-isilik utziko dituzte guztiak.
Oilarrek oilar segitzen dute
Betiko taldeetan kemena galdu dute Lakers eta Celtics mitikoek, Bryant eta Pierceren lesioen erruz. Miami gutxi aldatu da, Dallas nabarmen eta Chicagok Richard Hamilton fitxatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu