66 tanto egitea da biderik motzena. Hiru partidak irabazi, eta aurrera. BERRIA txapelketako final-zortzirenetako lehen bi kanporaketak jokatu dira asteburuan, eta Errekak (Doneztebe) eta Aurrera Saiazek (Bidegoien) aise lortu dute final-laurdenetan sartzea. Kadeteetan, gazteetan eta nagusietan, hiru mailetan aurkariak baino gehiago izan ziren bi taldeak, eta final-laurdenetarako berotzen hasteko moduan dira orain. Oilartuta iritsiko dira bi taldeak, baina bietako bat ederki apalduta geratuko da martxoaren 4-5-6ko asteburuan, elkarren aurka ariko direlako final-laurdenetan.
Aurrera 0 (32)
Erreka 3 (66)
KADETEAK
Olano-Barberena 8
Telletxea-Elizalde 22
GAZTEAK
Jaunarena-Andueza 7
Maia-Lasa 22
NAGUSIAK
Bengoetxea-Garcia 17
Esain-Gorriti 22
Nafarren arteko lehia beroa espero zen ostiralean Hernanin (Gipuzkoa), baina kadeteetako partidarekin hasi zen hozten berotasun guztia. Begiratu batera, Olano eta Barberena (Aurrera) ziren faboritoak, baina doneztebearrek lehen partida horretan utzi zuten erabakita kanporaketa, partida irabazteaz gain, tanto alde polita lortu zutelako (8-22). 29 minutu eskas iraun zuen lehen partida horrek. Elizalde aurrelari gisa aritzen da, baina Telletxea aurrean zuela, Doneztebekoak lan ona egin zuen atzeko koadroetan.
Ezusteko handi horrekin hasi zen jubeniletako partida, eta lehenengoa bezala, hasterako amaitu zen bigarren partida ere (7-22). Mikel Maiak eta Adur Lasak oso eroso jokatu zuten, eta nahi eta ezinean ibili ziren Xabi Jaunarena eta Andoni Andueza. Ohartzerako,2-2kotik 2-16kora igaro ziren irabazleak, eta galtzaileen erreakzio txiki bat gorabahera, Maiaren bi-pareta eder batekin amaitu zen partida. 2-0, eta 29 tantoren aldea. Ezinezkoa zen emaitza iraultzea, baina partida polita irten zitzaien Iñaki Esaini eta Jon Gorritiri—profesionaletan jokatutakoak dira biak—. 17-22 irabazi zuten Bengoetxea eta Garciaren aurka.
Aurrera Saiaz 3 (66)
Txaruta 0 (42)
KADETEAK
Mugika-Iruretagoiena 22
Albiasu-Sarasa 8
GAZTEAK
Labaka-Arratibel 22
Arizmendi-Apeztegia 17
NAGUSIAK
Narbarte-Telletxea 22
U. Arraztoa-Uharte 17
Iazko txapelketako txapeldunordea da Aurrera Saiaz, eta larunbatean Tolosan erakutsi zuen aurten ere final usainean dabilela. Kadeteetan Gaizka Iruretagoienak lan ona egin zuen atzeko koadroetan, eta Andoni Mugikak dotore amaitu zituen tantoak aurrean. David Albiasu —atzelaria da, baina aurrelari lanetan aritu zen— eta Joseba Sarasa ezinean ibili ziren (22-8).
Ikusmin handia zegoen jubeniletako partida ikusteko, maila handiko lau pilotari direlako. Baina behar baino huts gehiago egin zituzten laurek. Hori bai, Eneko Labaka eta Ibai Arratibel une oro aurretik ibili ziren (4-0, 10-4, 18-10, 20-15 eta 22-17). Nagusietan hiru tanto egitea nahikoa zuen Aurrera Saiazek, baina Ekaitz Narbartek eta Xabier Telletxeak partida ona jokatu zuten (22-17). Oso partida gogorra izan zen azken hori.
Oilartuta iritsiko dira
Erreka eta Aurrera Saiaz 3-0 irabazita sartu dira BERRIA txapelketako final-laurdenetan, eta elkarren aurka ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu