Espainiako Kopako finalari begira dago Athletic. Zirrikitutik begira, nahi gabe ere. Herenegun final-laurdenetan Mallorca kanporatuta, pauso txiki batera baino ez dauka 2009koaren moduko beste oroitzapen bat. Aurretik, Mirandes kanporatu beharko du. Josu Urrutia taldeko presidentea «ilusio handiarekin» dago. Lekeitiarra, halere, zuhur agertu zen atzo komunikabideen aurrean: «Oinak lurrean ditugu», azpimarratu zuen.
Beharko zuhur egon. Carlos Pousok zuzentzen duen taldea, izan ere, ibilbide ezin hobea ari da egiten 2011-12ko denboraldian. Bigarren B Mailako taldea izanagatik, Vila-Real, Racing eta Espanyol kanporatu ditu. Ezustean. Inor gutxik esperoko zuen Mirandes finalerdietara iritsiko zela. Horren jakitun da Urrutia bera ere. Badaki Pousoren jokalariek ez dizkietela gauzak batere erraz jarriko datozen bi partidetan, eta, horregatik, Mirandestaldea zoriontzeko ere baliatu zuen atzoko prentsa agerraldia. «Mirandes zoriondu nahi dut, orain artean egin duen bideagatik eta gauzak egiten ari den moduagatik».
Datorren asteartean, hilaren 31n, jokatuko dute joaneko partida, Anduvako zelaian, gaueko hamarretan. Itzulerako partida, berriz, otsailaren 7an jokatuko dute, ordu berean. Jokalari ohiak aurreratu zuen bazkideek ez dutela ordaindu beharrik izango San Mamesen jokatuko den partidan, «gozatzeko eguna»izango delako ordukoa.
Finalera iritsiko diren konfiantza handia dute bizkaitarrek, baina Athleticeko zuzendaritza ez da «indarrak gastatzen hasi» gai horiekin. «Izan ez daitekeen zerbait izan daiteke», esan zuen Urrutiak. Ez zuen baztertu, ordea, finala jokatzeko duten aukera. Hori dela eta, finala «ahalik eta jende gehien sartuko den zelai batean jokatzea» gustatuko litzaiokeela adierazi zuen. Presidentea ziur dago finalerako sailkatuz gero Athleticeko zale asko joango dela partida ikustera.
Llorentek, jarraitzeko nahia
Fernando Llorentek Athleticen jarraitu nahi duela adierazi zuen iragan astean; 2013. urtera arteko kontratua du errioxarrak. Urrutia «oso pozik» agertu zen hark adierazitakoarekin. «Atsegina da horrelako hitzak entzutea, eta normala ere bada, Athletic haren etxea delako. Asko gustatu zait Athleticen urte askoan jarraitu nahi duela esan izana». Izanere, Urrutiarentzat «oinarrizkokontua» da taldean jarraitu nahi duen edo etorri nahi duenorok bere nahia hori dela argi uztea.
Marcelo Bielsaren jarraipenaz ere aritu zen Urrutia. Iaz hasitako proiekturako entrenatzaile «ideala» dela pentsatzen du oraindik ere. «Duela zazpi hilabete esan nuen, eta orain ere berdin pentsatzen dut. Zaleak ere konbentzituago eta seguruago daudela nabaritzen dut, taldeak sasoi hasieran egindako lehen hilabete eskasaren ondoren». Taldeak egin ditzakeen gainerako fitxaketen inguruko mamuak uxatu egin zituen, ez zaielako «espekulazioetan aritzea komeni».
Taldeak sasoi honetan daraman bidearekin «pozik» agertu zen oro har, Ligan puntu gehiago izatea «merezi» izan dutela uste badu ere. «Gauzak ondo egiten jarraitzen badugu, hori konpentsatzea espero dut. Gustura gaude, eta hiru txapelketetako balorazioa positiboa da. Gustura jarraitzeko, bide horretatik segitu behar dugu».
«Oinak lurrean ditugu»
Josu Urrutia Athleticeko presidenteak uste du Mirandesek ez dizkiela gauzak «batere erraz» jarriko finalerdietanHilaren 31n jokatuko da joaneko partida, eta otsailaren 7an itzulikoa, biak 22:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu