Aste bat pasa berri da Toulonen aurkako porrotaren ondotik (30-5), eta Miarritzek dagoeneko presioa bizkar gainean dauka. Mediterraneokoa ez zen Agileran espero zen abiatzea izan. Orain, burua altxatzea egokitzen da, eta2011-2012 sasoiari egiazko abiatzea ematea.
Agen izanen da arratsalde hasiera honetako lehen aurkaria. «Etxetik kanpo irabaztea lortu duen talde bakarra da. Talde sendoa dauka aitzinean, eta jokoan ez da erotzen. Serio jokatu beharko dugu», ohartarazi du Romain Terrain xuri-gorrien aztalkariak.
Egia da mesfidati egoteko arrazoiak badituela Miarritzek. Isil-isilik, baina gora doa iragan sasoian berriz Top14a atzeman zuen taldea. Briven irabazi zuen joan zen astean (19-20), eta Miarritzeri ere irabazi zion denboraldi-aurrean (19-36).
Agenekin zuhur ibili beharko du, beraz, Miarritzek, eta partida ona jokatu. Irabazteko, eta, batez ere, itxura ona emateko premia dauka. Toulonen eman zuen itxura ez zen ona izan, eta inplikazio gehiago itxaroten dute miarriztarrek. «Toulonen denek egin genuen huts. Nerbioa falta izan zitzaigun. Bat-batekoak irabazteko gogo falta izan genuen. Ezin dugu horrekin konforme egon».
Nola ez, beste behin oroitarazi behar da sasoi hastapeneko Miarritze hau ez dela oraindik bere onenean izango den Miarritze. Munduko Kopa hor dago, eta jokalari anitz falta ditu. Agenen badakite. «Zortzi edo bederatzi jokalari falta dituzte, baina oraindik oso talde ona dute, aitzinean batez ere», dio Valentin Courrent Miarritzen aritu zen Ageneko irekitzaileak. Argi da Hariñordoki, Yachvili, Traille edo Ngwenya gabe Miarritze ez dela talde bera.
Peyrelongueren itzulera
Horrela, berri on batekin hasi du astea Miarritzek, astelehenean Julien Peyrelongue taldearekin entrenatu delako eta gaur hasieratik ariko delako. Haren esperientziak eta zangoak on eginen diote taldeari. Garrantzitsuak izanen dira ere Lesgourgues gazteari emango dizkion gomendioak. Aitzinean, Thion, Magnus Lund eta Marconnet beteranoek Toulonekoaren oso bestelako aurpegia erakutsi beharko dute. Armak baditu aitzinean Miarritzek, eta erabili beharko ditu. Erik Lund bigarren lerroaren hutsunea behar baino gehiago nabaritzen ari da, eta aitzineko pack-ak bere indarra inposatu beharko du. Gibelean kalitatea badago, baina aitzinean izanen da gakoa, eta, Toulonen ez bezala, hori ez du ahantzi beharko Miarritzek denboraldiko lehen partida irabazi nahi badu.
MIARRITZE-AGEN
Miarritze. Coetzee, Terrain, Marconnet; Thion (kap.), Roidot; M. Lund, Gray, Lauret; Lesgourgues, Peyrelongue; Caprice, Burotu, Gimenez, Couet-Lannes; eta Balshaw.
Agen. Cabarry, Narjissi, Sheklashvili; Senekal, Badenhorst; Monribot, Fonua, Giraud; Dupuy, Courrent; Coux, Ahotaeiloa, Pelesasa; eta Dulin.
Epailea. Pascal Gauzere.
Lekua. Agilera (12.500 ikusle).
Ordua. 14:15 (Errugbi +).
Oinarriak lantzeko gogoz
Miarritzek denboraldiko lehen partida irabazi nahi du gaur, Agenen aurka, Agileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu